Maitane Diez urrestildarraren diseinua eramango du sanjuanetako kamisetak

Uztarria.eus 2018ko eka. 15a, 16:09
Honako hau izango da aurrerantzean San juan festetako kamiseten diseinua.

Kamiseta zuriak eta beltzak aterako dituzte San Juan festetarako. Eskuragarri izango dira datozen egunetan Lurdesen dendan. Biharko krosaren aitzakian ere kalera aterako dituzte nahi duenak eros ditzan. Umeen kamisetak 10 euro ordaindu beharko dira. Helduenak, aldiz, 12 euro. Gau luzeeneko festak lelopean ospatuko dituzte sanjuanak Urrestillan.

Urrestillako San Juan festetako kamisetak baditu marrazkia eta leloa dagoeneko Urrestillako festa batzordeko kideek Maitane Diez urrestildarraren diseinua aukeratu dute festetako kamisetarako.

Festa batzordeak adierazi duenez, "oso proposamen politak eta ezberdinak" jaso dituzte, eta horregatik, "erabakia ez da batere erraza izan" festa batzordeko kideentzat. Haiek azaldu dutenez, sanjuanetan Urrestillan sortzen den giroa azaldu nahi izan du Diezek bere proposamenean: "Urrestillako anagramaren irudia gogorarazi nahi duen proposamena da aukeratutako diseinua. Marrazkain, Urrestillak biltzen dituen festen esanahia islatu nahi izan du egileak. Herria edukiontzi baten modura ageri da, eta barnean zuhaitzaren eta suaren inguruan egun hauetan egosten den giro aparta azpimarratu nahi izan du". 

Diezek egindako marrazkiak leloa ere badarama, eta horrela dio: Gau luzeeneko festak. Esaldiaren zergatia azaldu dute batzordeko kideek: "Hainbat sorgin ere bada Urrestillan, baita beste zenbait gautxori ere, zeinak udako solstizioan egunak ez ezik, gauak ere luzatzen dituzten, sanjuanak gau luzeeneko jaiak bihurtuz". 

Kamisetako irudiaren lehiaketako oinarrien arabera, diseinua kamixeta beltzerako egin behar zen, baina marrazkiaren proposamena kolore zurian egin zutenez, bi koloretako kamisetak jarriko dituzte salgai: zuriak eta beltzak.

Epe luzerako diseinua, berrerabilpena sustatzeko

Duela bi urte egin zuten aurrenekoz sanjuanetako kamisetarako diseinuaren lehiaketa, eta asmoa zen bi urtean behin irudia berritzea. Aurten, baina, erabakia aldatu dute, eta aurtengo diseinua epe luzerako izango da. Izan ere, "erabili-gorde-bota kontsumo ereduarekin hautsi" nahi izan dute Urrestillako festa batzordeko kideek, berrerabilpenaren aldeko hautua eginda.

Urrestillako Festa Batzordea ez da kamisetarako epe luzerako diseinuaren aldeko hautua egin duen talde bakarra. Iaz, erabaki bera hartu zuen Marea Arroxak saninazioen atarian. 

Kamisetak eskuragarri

Urrestillako San juan festetako kamiseta erosi nahi dutenek, eskuragarri izango dituzte datozen egunetan Lurdesen dendan. Gainera, bihar, zapatua, Sanjuanetako Krosa egingo dute Urrestillan, eta hitzordu horren aitzakian kalera aterako dituzte kamisetak, nahi duen orok eros ditzan. Umeen kamisetek 10 euro balioko dute, eta helduenek, berriz, 12 euro.