Azpeitiko Pentsiodunen Plataformak igandean Zarautzen izango den manifestaziora joateko deia egin du

Uztarria.eus 2018ko eka. 14a, 14:59
Urola Kostako hainbat pentsiodunek agerraldia egin zuten atzo. (Zarauzko Hitza)

Pentsio duinen aldeko manifestazioa igandean, 12:00etan izango da. Lege Zaharraren enparantzatik hasiko da, Pentsio publiko duinak gaurko eta biharko! lelopean, eta hara joateko deia egin dute eskualdeko plataformetako kideek, horien artean Azpeitikoek. Hara joateko lineako autobusak baliatuko dituzte Azpeitiko pentsiodunen plataformako kideek.

Urola Kostako Pentsiodunen Plataformak pentsio duinen aldeko manifestazioa deitu du iganderako, Zarautzen. 12:00etan hasiko da protesta Lege Zaharraren enparantzatik, Pentsio publiko duinak gaurko eta biharko! lelopean, eta hara joateko deia egin dute eskualdeko plataformetako kideek, horien artean Azpeitikoek. Hain zuzen ere, plataforma horretako kideek azaldu dutenez, lineako autobusean joango dira Zarautzera, eta gogorarazi dute 11:20an hartuko dutela joateko autobusa, eta 14:05ean itzulerakoa.

Atzo agerraldia egin zuten hainbat herritako pentsiodunen taldeetako ordezkariek, eta haiek Zarauzko kaleak aldarriz bete nahi dituzte esan zuten: "Ikasleak, emakumeak, helduak, alargunak eta langileak. Guztion borroka berbera da, eta pentsio sistema publikorik ez da egongo bermatuta, guztiok gizarte osoarentzako kalitatezko bizi baten alde ez badugu egiten".

Funtsezkoa dena lortzeko borrokan jarraituko dutela adierazi eta zenbait eskaera zerrendatu dituzte pentsiodunek. Esaterako, Toledoko hitzarmenekin desegiten ari den pentsio sistema publikoa berreskuratzeko beharra ikusten dute. Horrez gain, soldaten genero arrakala gainditu eta adineko pertsonentzat gutxieneko pentsio duin bat ezar dezatela eskatu dute. "Gobernuko kideek gastuak murriztu eta pentsio pribatuak bultzatzea nahiago dute. Arazoa oso larria da, eta pentsiodunek ez ezik, jendarte osoa ari da arazoa jasaten", azaldu dute.

"Jubilazioa 67 urte arte luzatzen denez, gazteentzako lanpostuak gutxitu egin dira, eta horien emantzipazioa atzeratu egin da". Plataformako kideen ustez, huts egiten duena ez da pentsioen sistema publikoa, "langileen kotizazioa baizik, beraien soldata baxuek ez dutelako etorkizunerako nahikoa ematen".

Urola Kostako herritarrei mobilizazioan parte hartzeko deia egin diete Urola Kostako pentsiodunen plataformetako kideek. "Posible duten guztiei, mesedez, etortzeko eskatzen diegu. Gureak diren eskubideak kendu nahian dabiltza, eta ezin diegu nahi dutena egiten utzi".