Manuel Agirrezabala 'Matxin II'.a omenduko du Zumaiako Pilotarien Batzarrak

Uztarria.eus 2018ko eka. 14a, 14:32
Manuel Agirrezabala 'Matxin II'.a.

Igandean urteko batzarra egingo du elkarteak Zumaian. Batzarraz gain, meza, pilota partida eta bazkaria izango dira. Bazkalostean omenduko dute Matxinbentako erremontista ohia, beste lagun batzuekin batera.

Zumaiako Pilotarien Batzarrak urteko bilkura egingo du igandean, eta hainbat egitasmo antolatu du egun osorako. Besteak beste, meza, batzarra, pilota partidak eta bazkaria egingo dituzte. Bazkalostean, berriz, hainbat lagun omenduko dute; tartean, Manuel Agirrezabala Matxin II.a (Matxinbenta, Azpeitia, 1961) erremonte jokalari ohia. Matxinbentarra ez ezik, Zumaiako Kirol Elkartea, Manuel Mugerza zesta-puntako jokalari ohia eta Gloria Agirre Txikita de Aizarna erraketista ere omenduko dituzte.

Matxin II.ak 1989ko uztailaren 25ean egin zuen profesionaletan debuta, Hernaniko Galarreta pilotalekuan. Erremonteko jokalari profesional ibilbideari 2003an eman zion bukaera matxinbentarrak.