Zezenzale Batzordeak dena prest du saninazioetako zezenketetarako

Uztarria.eus 2018ko eka. 14a, 12:46

Atzo aurkeztu zuten zezenketen egitaraua Donostian. Saninazioetako zezenketak uztailaren 29an, 30ean eta 31n izango dira aurten.

Joan zen apirilean jakinarazi zituzten saninazioetako zezenketetan ariko diren toreatzaileak eta ganadutegiak Azpeitiko Zezenzale Batzordeak, eta atzo, ekainak 13, aurkeztu zuten egitaraua Donostiako Hotel Londresen. Aurkezpenean izan ziren Zezenzale Batzordeko Joxin Iriarte, Txetxu Iriarte, Javier Beobide eta Udaleko Festa batzordeburu Mikel Ibarzabal. 

Uztailaren 29an, 30ean eta 31n izango dira aurten zezenketak. Batzordeko kideek aurten ere, "zezenen aldeko apustua" egin dute. Ekarriko dituzten zezenak Ana Romero (Cadiz, Andaluzia), La Quinta (Cordoba, Andaluzia) eta Celestino Cuadri (Huelva, Andaluzia) ganadutegietakoak izango dira. 

Uztailaren 29an Ana Romero ganadutegiko zezenekin arituko dira Emilio de Justo, Juan del Alamo eta Luis David Adame. Bigarren zezenketan, uztailaren 30ekoan, Curro Diaz, El Fandi eta Sebastian Castella toreatzaileak izango dira Azpeitiko zezen plazan, eta horiek La Quinta ganadutegiko zezenak toreatuko dituzte. Hirugarren eta azken zezenketa uztailaren 31n izango da, eta Ruben Pinar, Pepe Moral eta Tomas Campos ariko dira Celestino Cuadri ganadutegiko zezenekin.