Arkaitz Rodriguezekin eta Ines Osinagarekin ekin dio Orkatzek urteurrenaren azken txanpari

Uztarria.eus 2018ko eka. 14a, 13:31

25. urteurreneko ospakizunen azken txanpan sartu da Orkatz kultur elkartea. Azken hilabeteetan ekitaldiak tantaka antolatu ondoren, aste honetarako egitarau trinkoa prestatu dute. Atzo izan zituzten lehendabiziko bi hitzorduak.

Sanagustin kulturgunean, Arkaitz Rodriguez Sortuko buruak Enekoitz Esnaola kazetariak eginiko galderak erantzun zituen, ... Eta orain zer? solasaldian. Preso egondako urteez, joan den igandeko giza kateaz, ETAren armagabetzeaz eta etorkizunaz hitz egin zuen, besteak beste, Rodriguezek. 60 lagun elkartu ziren Sanagustinen hura entzutera.

Gauean, berriz, Orkatz tabernan kontzertua eman zuen Ines Osinagak. Soinu txikia eta ukelelea eskuetan aritu zen Osinaga kantuan, eta solasean ere bai, bakarrik, taberna goraino bete zuten ikus-entzuleen aurrean.

Ibon Errazurenak dira Osinagaren emanaldiko argazkiak, eta Orkatz kultur elkartearenak Rodriguezen hitzaldikoak.