Karmelo Etxegaraik, Urolak eta Ikasberrik bihar eta etzi egingo dituzte ikasturte bukaerako jaialdiak

Uztarria.eus 2018ko eka. 14a, 11:54
Urola Ikastolako ikasleak jaialdirako entsegua egiten. (Urola Ikastola)

Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraik eta Urola Ikastola BHIk ostiral iluntzean kiroldegian egingo dute ikasturte bukaerako jaialdia. Azpeitiko Ikastola Ikasberriko kideek, berriz, egun osoko jaiaz gozatuko dute larunbatean.

Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraik eta Urola Ikastola BHIk ikasturte amaierako jaialdia egingo dute bihar, ostirala, Azpeitiko kiroldegian. 19:00etan hasiko da emanaldia, eta ehunka umek dantzaz eta kantuz alaituko dute gunea. Honako dantza hauek egingo dituzte emanaldian: Rock this party (DBH1); Zeure burua onartu (HH2); Robotak (HH3); Bixi-bixi (HH4); Marea Urdina (HH5); Ahoa bizi, belarriak prest (LH 1 eta2); Nire gorputza da (LH 3 eta 4); eta Zahara destiny (LH 5 eta 6).

Ikastolako kideek azaldu duenez, ikusle kopurua mugatua izango da, eta dagoeneko banatu dituzte txartelak familietan. Jaialdiaren bukaeran, Batxilergoko ikasleei orlak banatuko dizkiete urteroko legez.

Bestalde, larunbatean egingo dute ikasturte bukaerako jaia Azpeitiko Ikastola Ikasberriko ikasleek, irakasleek eta gurasoek. 11:00etan hasiko dute jaia, suziria botata eta pregoia irakurrita, eta ikasle hainbatek aurreskua dantzatuko du. Ondoren, 11:15ean orlak banatuko dizkiete Batxilergoko ikasleei, eta ondoren, Haur Hezkuntzako ikasleek ekitaldia eskainiko dute. 12:00etarako, berriz, jolasak eta tailerrak prestatu dituzte.

13:00etan Marea Urdinari keinua egingo diete, eta 13:30ean hasiko da gaztetxoen bazkaria (HH3 eta LH6 bitarteko umeak). Gainerako ikasleen eta helduen bazkaria, berriz, 14:15ean hasiko da. Bazkalostean, 14:30ean, Ekaintxoren emanaldia izango da, eta segidan, karaokea. Meriendatzeko tartea ere hartuko dute, eta segidan, aurpegi margoketaz, pitxigintzaz eta jolasez gozatu ahal izango dute. 16:30ean Mus Txapelketa egingo dute, eta 17:00etan antzerkia. Jaiari bukaera Kupela taldearen erromeriarekin emango diote.