Infantil nesken 35 taldek parte hartuko dute asteburuko Azpeitia Cup txapelketan

Uztarria.eus 2018ko eka. 14a, 12:00
Iaz Athletic-ek irabazi zuen infantil nesken txapelketa. (Azpeitia Cup)

Taldeak bosteko zazpi multzotan banatu dituzte, eta zapatuko partidak 09:00etan hasiko dira. Igandean, berriz, 13:15etik aurrera erabakiko da zein talde den txapelduna; orduan jokatuko dute finala.

Infantil nesken Azpeitia Cup txapelketak hartuko du asteburu honetan Garmendipe. Inoiz baino talde gehiago ariko dira nor baino nor lehian; 35 talde, guztira. Talde gehienak Euskal Herrikoak dira: Reala, Athletic, Lagun Onak, Ikasberri, Anaitasuna edota Zumaiako. Baina kanpotik ere etorriko dira Azpeitira, hala nola Bartzelona, Espanyol, Rayo Vallecano, Errioxako selekzioa edota Oviedo Moderno taldeak.

"Talde horiek, azken urteetan, izugarrizko lana ari dira egiten harrobiarekin, eta fruituak jasotzen hasi dira; gero eta maila hobea dute. Oso gustura gaude antolatu dugun txapelketarekin, eta aurrera begira nesken txapelketa ere nazioarteko bilakatzea nahi dugu", agertu du Azpeitia Cup txapelketako antolatzaileetakoa den Meliton Rodriguezek. 35 taldeak bosteko zazpi multzotan banatuko dituzte, eta zapatuko partidak 09:00etan hasiko dira. Igandean, berriz, 13:15etik aurrera erabakiko da nor den txapelduna. Txapelketako partiden egutegia, honako lotura honetan ikus daiteke.

Joan den astean jokatu zuten kimu mutilek Azpeitia Cup txapelketa, eta Bartzelona nagusitu zen lehian. Honako lotura honetan ikus daitezke joan zen asteburuko argazkiak.