Ines Osinaga: "Gaur egungo eszena, rocka, ez da bizitzarekin bateragarria"

Urola Kostako Hitza 2018ko eka. 13a, 14:15
Ines Osinaga Ahotsenean. (Saioa 'Gauilunak')

Orkatz kultur elkartean izango da Ines Osinaga musikaria (Arrasate, 1982) gaur, asteazkena, 22:00etan. Goserekin ohikoak zituen botak erantzita, biluzik etorriko da Azpeitira, "txikitik, gertutik" aritzera. Urola Kostako Hitzak elkarrizketa egin dio musikariari.

Ines Osinaga izango da gaur Orkatzen, ez Goseko Ines.

Hala da. Orkatzera, orain naizenetik, txikitik, gertutik eta biluzik joango naiz. Azkenaldian, plazan baino gehiago nago etxeko sukaldean eta kobazuloan. Ines Osinaga izango naiz oholtzan, eta saiatuko naiz momentu honetan naizen horrekin ahalik eta zintzoen izaten; bai nire buruarekin, bai bertaratuko direnekin. Une honetan gorputzak eskatzen didanaren eta jendeak espero duenaren artean borrokatu behar dut; azkenaldian horregatik ari zait plazara ateratzea kostatzen. Jendeak ez dakit zer esperoko duen, baina nirekin egingo du topo, orain naizen honekin, inongo trajerik gabe eta botak jantzi gabe.

Zer alde dago Ines Osinagaren eta Goseko Inesen artean?

Urte asko pasatu ditut nire barnean galdera horri bueltaka, eta egia esan, zaila da erantzutea. Hain zuzen ere, azken hamar urtean nire buruari egin diodan galdera gakoa horixe izan da: bata edo bestea, zein den Inesago. Atera dudan ondorioa da bata eta bestea naizela ni. Goseko Inesek esaten eta kantatzen zituen, agian, Ines intimoa kantatzeko gai ez den gauza batzuk, baina gauza horiek esatea gustatuko litzaioke Ines intimoari une batzuetan. Goseko Inesek eraikitako identitate eta nortasun bat zeuzkan, baina horrek ez du esan nahi gezurra zenik. Izan ere, Goseko Ines beti izan da oso zintzoa, baina ni biluzik ez naiz beti horrelakoa; ez dauzkat beti botak jantzita, eta eskerrak.

Zergatik diozu hori?

Azkenaldian gehiago interesatzen zait zaurgarritasunetik kantatzea, indartsutik kantatzea baino.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.