'Maitatu zure egunak' liburua aurkeztear da Pako Aristi

Uztarria.eus 2018ko eka. 12a, 17:54
Pako Aristi. (Erein argitaletxea)

Hilaren 19an aurkeztuko du poesia liburua idazle urrestildarrak. Aurkezpen ekitaldia Donostiako Udal Liburutegiko sotoan izango da. Erein argitaletxearen eskutik kaleratu du liburua Aristik.

Pako Aristi (Urrestilla, 1963) bere azken lana labetik ateratzeko pronto dago. Hilaren 19an, asteartea, aurkeztuko du Maitatu zure egunak poesia liburua  Donostiako Udal Liburutegiko sotoan, 12:00etan hasita. Erein argitaletxearen eskutik kaleratu du liburua Aristik. 

Hona hemen Maitatu zure egunak liburuaren sinopsia:

"Harridura izan zen lehenengo, munduak eskaintzen duen ikuskizunaren aurrean. Gogoeta hurrena, bizitza ulertu ote litekeen, edo ez. Eta poesia etorri zen azkenik, mikroskopio bat bezala, gauzen alderdi txikienak jasoz agian osotasun bat erdietsiko duen itxaropenarekin. Jakintsuak esan zuen bezala, gauza gutxi behar dira bizitzeko: osasuna, ardo kopa bat ilunabarrean, lagun bat ondoan. Eta poesia, gaineratuko genuke. Bizitza ulertzen bakarrik ez, gozatzen ere laguntzen duelako. Hartu liburua, gorde patrikan, eta abiatu zaitez bidean.

Maitatu zure egunak:
laster desagertuko dira.
Maitatu zure orduak, minutuak,
zeruak eta neguak.
Zu asko ohartu gabe,
iragaten dira,
pentsamenduetan galdurik
zabiltzan bitartean".

Maitatu zure egunak liburua eskuragarri dago Erein argitaletxearen webgunean, 14 euroren trukean.

Idazle urrestildarrak poesia ez ezik, saiakera landu izan du (Euskal Kantagintza Berria), nobelagintza (Kcappo, Irene, Krisalida), ipuingintza (Auto-stopeko ipuinak) eta haur literatura. Besteak beste, honako liburu hauek idatzi ditu Aristik: Urregilearen orduak (Erein, 1998), Libreta horiko poemak (2003), Gauza txikien liburua (Beterriko liburua 2005), Note book (Erein, 2005), Udan lan egiten zuen gizona (Erein, 2007), Independentziaren paperak (Erein, 2012 ) Plazer bat izan duk, Benito! (2012) eta Euskararen isobarak (2014).