Aste bete ekitaldi antolatu du Orkatz kultur elkarteak, 25. urtemuga ospatzeko

Uztarria.eus 2018ko eka. 12a, 11:09
Orkatzen 25. urtemugaren harira eman zuten prentsaurrekoko irudia.

Aurten betetzen du mende laurdena elkarteak, eta azken hilabeteetan hainbat hitzaldi eta egitasmo antolatu du. Aste honetan beste hainbat ekitaldi izango da, hala nola Arkaitz Rodriguezen hitzaldia, Ines Osinagaren emanaldia, magoen saioa, herri kirol erakustaldia, herri bazkaria eta kontzertuak. Plazan jarriko dute emanaldietarako karpa, eta hango sarrerak dagoeneko salgai daude Orkatzen eta Sanagustin kulturgunean.

Orkatz kultur elkarteak hainbat ekitaldi antolatu du aste honetarako, 25. urtemugaren harira. Aurten betetzen du mende laurdena elkarteak, eta hango ordezkariek azaldu dutenez, urte guztiotan ereindako haziek "kimu ugari" eman dituzte. "Kimu horiek askotariko kultur adierazpenen bidez adieraziko ditugu datozen egunetan".

Azken hilabeteetan hainbat hitzaldi eta egitasmo antolatu du Orkatzek, eta bihartik aurrera beste ekitaldi ugari izango dira. Bihar, 19:00etan, Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak hitzaldia eskainiko du Sanagustin kulturgunean, ...eta, orain, zer? izenburupean. Gero, 22:00etan, emanaldia eskainiko du Ines Osinaga musikari eta abeslariak.

Ostegunean jarrituko du festak; izan ere, 19:00etan hasita, tabernaz taberna ibiliko dira beren abileziak erakusten Imanol Ituiño eta Asier Kidam magoak. 22:00etan, berriz, ekitaldi nagusia eskainiko dute Orkatz kultur elkartean.

Ostiralerako karpa bat muntatuko dute Orkatzeko kideek plazan, eta kontzertu ugari izango da asteburuan bertan. Ostiralean, 19:00etan, Txalainaken emanaldia izango da; eta, 23:00etan, The Potes eta The Friday's Crew taldearenak. Gaueko bi kontzertuetarako sarrera bost euro ordaindu beharko da.

Zapaturako egun osoko egitaraua prestatu dute. 12:00etan herri kirol erakustaldia izango da plazan. Ondoren, herri bazkaria egingo dute Sanagustin kulturgunean, eta bazkalostean Akerriperen emanaldia izango da. 22:00etan hasita, berriz, hiru kontzertu izango dira plazako karpan: La Basu, Egurra ta kitto eta Bad Sound Sistem. Hiru emanaldi horietarako sarrera bost euro ordaindu beharko da.

Igandean bukatuko dituzte ospakizunak Anje Duhalderen kontzertuarekin. Sanagustin kulturgunean izango da emanaldia, 19:00etan hasita, eta sarrera aurrez hamar euro eta egunean bertan hamabi euro ordaindu beharko da.

Bonoa salgai

Kontzertuetarako sarrerak eta bonoak salgai daude dagoeneko Orkatz tabernan eta Sanagustin kulturgunean. Egun bakoitzeko karpako kontzertuetarako sarrerak bost euro ordaindu beharko dira, baina bazkarirako nahiz karpako sarrerak nahi dituztenek 25 euroren trukean eskuratu ahal izango dituzte biak. Langabeek, ikasleek eta pentsiodunek, berriz, hogei euro ordaindu beharko dute.

EGITARAUA

Bihar, asteazkena.

19:00. Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiaren ...eta, orain, zer? solasaldia, Sanagustin kulturgunean.

22:00. Ines Osinagaren emanaldia Orkatzen.

Etzi, osteguna.

19:00. Imanol Ituiño eta Asier Kidam magoen emanaldia, tabernaz taberna.

22:00. Magoen gala nagusia.

Ostirala, ekainak 15.

19:00. Txalainak taldearen emanaldia, karpan.

23:00. The Potes eta The Friday's Crew taldeen kontzertuak, karpan.

Zapatua, ekainak 16.

12:00. Herri kirol erakustaldia, plazan.

15:00. Herri bazkaria, Sanagustin kulturgunean.

Ondoren, Akerriperen emanaldia.

22:00. La Basu, Egurra ta Kitto eta Bad Sound Sistem taldearen kontzertuak, karpan.

Igandea, ekainak 17.

19:00. Anje Duhalderen kontzertua, Sanagustin kulturgunean.