Autobusak antolatu dituzte Altsasuko auzian "justizia exijitzeko" egingo den manifestaziorako

Uztarria.eus 2018ko eka. 11a, 14:06

Zapaturako deitu dute manifestazioa Iruñean. Autobuserako izen-ematea zabalik dago jada, eta Orkatzen, Jim Clarken nahiz Urola Expresen egin daiteke. Autobusa 15:00etan irtengo da Azpeititik Iruñera. Manifestazioa 17:00etan hasiko da Sadar futbol zelaiaren aurretik. 

Altsasuko auzian zigortutako zortzi gazteen kontrako epaiaren aurrean "justizia exijitzeko" manifestazioa deitu dute zapaturako, hilak 16, Iruñean. Altsasu Gurasoak taldeak eta Altsasukoak Aske herri plataformak deitu dute mobilizazioa, eta Azpeititik hara joateko autobusak antolatu dituzte. 

Autobusak 15:00etan irtengo dira Azpeititik Iruñera, eta manifestazioa 17:00etan hasiko da, Sadar futbol zelaiaren aurretik. Askatasun plazan amaituko da mobilizazioa. Azpeititik Iruñeko manifestaziora joateko autobusetarako izen-ematea zabalik dago jada. Orkatz, Jim Clark eta Urola Expres tabernetan egin daiteke. 

Babesa Azpeititik Altsasura

Hilaren 8an jakinarazi zuen Altsasu auziko epaia Espainiako Auzitegi Nazionalak. Guztira, 79 urteko kartzela zigorra ezarri die Altsasuko zortzi gazteei, "kalteak, desordena publikoa eta mehatxuak" eta "agintearen aurkako atentatua" delituak leporatuta. Epaia salatu zuten dozenaka herritarrek Sanjuandegin. 

Apirilaren 16tik maiatzaren 4ra bitartean epaitu zituzten auziperatutako gazteak, 2016ko urrian taberna batean bi guardia zibilekin izandako liskar batengatik. Gazteei babesa helarazteko bideoa egin zuten Azpeitiko zenbait taldek eta norbanakok.

Aske ziren lau lagunak –Iñaki Abad, Aratz Urrizola, Jon Ander Cob eta Julen Goikoetxea– joan zen astean atxilotu zituen Guardia Zibilak Altsasun, "ihes egiteko arriskua" argudiatuta. Auziko epaia eta atxiloketak salatzeko elkarretaratzeak egin zituzten Azpeitian. Azken atxilotuen aurkako epaia ez da oraindik behin betikoa, eta abokatuek aurreratu dute helegitea aurkeztuko dutela. Gazteek, ordea, preso egon beharko dute Gorenak azken erabakia hartu bitartean. Oihan Arnanz, Adur Ramirez eta Jokin Unamuno, aldiz, dagoeneko preso daude. Haiei hamabi eta hamahiruna urteko zigorrak ezarri zizkien auzitegiak. Ainara Urkijori bi urteko zigorra ezarri zioten, eta, beraz, ez du kartzelara joan beharko. 

Errepresioaren aurka egindako ekintzen barruan ere gogoan izan dituzte Altsasuko gazteak Azpeitian. Itzulia Basque Country Loiolatik igaro zela aprobetxatuta, Gaztetxeko eta Ernaiko zenbait lagunek santutegiaren atarian pankarta erraldoi bat jarri zuten atxilotutako gazteeak "aske" nahi dituztela aldarrikatzeko. Gazte Astean zehar ere gogoan izan zuten Altsasuko auzia, eta argazkia atera zuten errepresioa egoera ezberdinak salatzeko.