Xabier Arzalluzen gaineko dokumentala emango dute bihar Sanagustin kulturgunean

Uztarria.eus 2018ko eka. 11a, 12:51
Xabier Arzalluz, dokumentalean jasotako irudi batean. (Munoandi)

Azkoitiarraren ibilbide politiko eta azken 50 urteetako hainbat gertaeren inguruan dituen iritziak eta ikuspuntuak jaso dituzte Donostiako Antiguako batzokiak sustatu eta bultzatu duen Xabier Arzalluz Antia. Euskadiko historia politikoa ikus-entzunezkoan. 19:00etan hasiko da Munoandi elkarteak antolatutako saioa; Nerea Aldaik aurkeztuko du, eta Xabier Barandiaran soziologoak hartuko du hitza bukaeran.

Xabier Arzalluz politikari azkoitiarraren gainean egindako Xabier Arzalluz Antia. Euskadiko historia politikoa dokumentala emango dute bihar, asteartea, Sanagustin kulturgunean, 19:00etatik aurrera.

Azkoitiarraren ibilbide politikoa eta azken 50 urteetako hainbat gertaeren inguruan dituen iritziak eta ikuspuntuak jaso dituzte, Arzalluz beraren ahotik jasota, Donostiako Antiguako batzokiak sustatu eta bultzatu duen ikus-entzunezkoan. Joan den martxoaren 23an estreinatu zuten dokumentala, Donostiako Antzoki Zaharrean, eta Arzalluz bera gonbidatu nagusi zela. Harrezkero, herriz herri ari dira ematen eta bihar Azpeitiaren txanda izango da, Munoandi elkarteak antolatutako ekitaldian.

Zergatik egin zen abertzale eta zergatik aukeratu zuen Eusko Alderdi Jeltzalea; herri-eraikuntzari, Kataluniari eta Espainiari buruzko gogoeta; EAJ-z eta Ezker Abertzaleaz pentsatzen duena; ETA, estatu indarkeria, alderdien zatiketa, erabakitzeko eskubidea, Lizarra-Garazi; eta beste hainbat gai ere hizpide ditu Arzalluzek dokumentalean. "Katalunian egindako erreferenduma baino lehen amaitu zuten, eta iraganari ez ezik, etorkizunari ere egiten dio erreferentzia. Etorkizunean alderdiaren zeregina zein izan behar duenari buruz ere hitz egiten du Arzalluzek: Euskadi askatzea", azaldu dute Munoandikoek.

Nerea Aldaik aurkeztuko du biharko saioa, eta Xabier Barandiaran soziologoak hartuko du hitza bukaeran; "dokumentalaren inguruko gogoeta nagusiak azpimarratuko ditu, eta gaur egun abertzaletasunak dituen erronkei buruz hitz egingo du" Barandiaranek.