Azpeitiko palistek 2 eta 1 irabazi diote Zumarragari, finalerdietako joanekoan

Uztarria.eus 2018ko eka. 11a, 10:51

Itzulerakoak datorren asteburuan jokatuko dituzte Azpeitian. 2-1 nagusitu ziren palista azpeitiarrak zapatuan, baina dena ikusteko dago; itzulerako partidetan erabakiko da finalean izango diren edo ez. Aurten lehen aldiz antolatu dute Gipuzkoako Herriarteko I. Gomazko Paleta Txapelketa.

Azpeitiko palistek herenegun, zapatua, jokatu zituzten Gipuzkoako Herriarteko I. Gomazko Paleta Txapelketako finalerdietako joaneko partidak, Zumarragan. 2 eta 1 nagusitu ziren azpeitiarrak, baina ezer ez dago erabakita; izan ere, itzulerakoan erabakiko da zein talde ariko den finalean.

Urtzi Lopetegik jokatu zuen aurreneko partida Mikel Rodriguezen aurka buruz buru, eta 20 eta 13 nagusitu zen azpeitiarra. Bigarren partida, binakakoa, Eneko Martijak eta Oier Alkortak jokatu zuten Jon Anduezaren eta Josu Vianaren aurka, eta azpeitiarrek ezin izan zuten irabazi: 11-20 bukatu zen partida. Hirugarren partida, zazpi koadroren barrukoa, Asier Egigurenek jokatu zuen, eta partida estua jokatuta, 20 eta 19 nagusitu zen. Bi partida irabazi zituzten Azpeitiko palistek, baina tantoz, Zumarraga aurretik geratu zen.

Azpeitiarrak 2 eta 1ekoarekin iritsiko dira finalerdietako itzulerako partidetara, eta etxean jokatuko dute finalera sailkatu edo ez erabakiko den kanporaketa.