Siriako ehun bat errefuxiatu Loiolan izan dira "bakearen eta harreraren kultura" aldarrikatzeko

Uztarria.eus | Gizartea | Argazki galeria
2018-06-10 18:53

Hospitalitatearen Bideak egitasmoaren barruan, Siriako ehun lagun inguruk –gehienak Europako hainbat herrialdeetan bizi diren errefuxiatuak- ibilaldia egin dute gaur Aizpurutxotik Loiolara. Jesusen Lagundiko Migratzaileen Laguntzarako Zerbitzuak, Alboan gobernuz kanpoko erakundeak eta Europan bizi diren hainbat errefuxiatu siriar batzen dituen Go Forward Europe taldeak antolatutako egitasmoa da Hospitalitatearen Bideak. Proiektuaren xedea da "beren herrietatik ihes egiten duten errefuxiatuekiko elkartasuna agertuko duen eta haien gizarteratzea ahalbidetuko duen kultura bat sustatzea Europan".

Proiektuan parte hartzen ari diren errefuxiatuak eguerdian iritsi dira Azpeitira, eta Loiolan hartu dituzte, besteak beste, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetza idazkari nagusiak, Monica Hernando Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariak, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak, Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak eta Loiolako Santutegiko zuzendari nagusi Juan Migel Arregik.

Harrera egin ostean, ekitaldia egin dute Loiolako santutegiaren atarian, eta bertan hitza hartu dute Mari Mar Magallon Alboaneko zuzendariak eta erakunde jesuiten ordezkari Xabier Riezuk. Azken horrek adierazi duenez, Jesusen Lagundiko Gizarte Sektoreko erakundeek beren "ezagutza eta lana" baliatu nahi dituzte, "migratzaileekiko eta errefuxiatuekiko elkartasuna agertuko duen eta haien gizarteratzea ahalbidetuko duen kultura bat sustatzeko". Aitzitik, Hospitalitatearen Bideak egitasmoaren sustatzaileen manifestua irakurri dute Magallonek eta Riezuk. Ondoren, Samer Hamiti siriarrak manifestu hori Iñigo Urkullu lehendakariari eman dio.

Hamiti duela bost urte iritsi zen Portugalera, "Siriatik ihes egiteko beharra ikusita". Bragako unibertsitatean egin zituen ikasketak, eta gaur egun, siriar errefuxiatuen koordinatzailea eta Go Forward mugimenduko kidea da. Haren hitzetan, Siria aipatzen duen aldietan, jendeari "gatazka eta gerra" etortzen zaizkio burura. Eta azpimarratu du badela beste Siria bat non "kultura, musika eta jende atsegina" dagoen. 

Ekitaldian parte hartu duten ordezkariek gogorarazi dute "Bigarren Mundu Gerratik izan den errefuxiatu-krisirik handiena" jasaten ari dela mundua gaur egun. "Konpondu ezinezkoak diruditen gatazkak ditugu hainbat lurraldetan; esaterako, Sirian, Afganistanen eta Afrikako Adarrean. Hori dela eta, lurralde horietako herritar zibilak etengabe ihes egiten ari dira, beren bizitzak salbatzeko". 

Ekitaldiaren ostean, bazkaria eta kulturarteko ekitaldia egin dituzte Loiolan bertan. 

(Argazkiak: Azkoitiko Udala eta Hospitalitatearen Bideak)

Ikusi argazki guztiak haundiago

 
Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa