Sanjuandegitik ere pentsio duinak aldarrikatu dituzte

Uztarria.eus 2018ko eka. 9a, 16:23

Pentsio duinen aldarriak ez du etenik herrian. Azpeitiko plazatik pixkat urrundu, eta Sanjuandegiko Jubilatuen Plataformakoek deituta, elkarretaratzea egin zuten atzo, ostirala, dozenaka herritarrek Baigera II atarian, pentsio duinak aldarrikatzeko. Joan zen otsailean ekin zioten protestei Azpeitiko Pentsiodunen Plataformako kideek, eta orduz geroztik astelehen eguerdian hainbat eta hainbat mobilizazio egin dituzte KPI igoera aldarrikatzeko, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskatzeko eta babes sozialeko sistema propio baten aldeko jarrera erakusteko. Atzokoa izan zen orain arte deitu duten azken kontzentrazioa, eta ezohiko lekuan eta egunean egitea erabaki zuten. Maiatzaren 4an, aldiz, manifestazioa egin zuten Alde Zaharreko kaleetan barrena.