Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketako finalerdietan da Azpeitia

Uztarria.eus | Kirolak | Artikulua
2018-06-09 12:12

Asteasuri irabazita, finalerdietarako txartela lortu dute Ilunpeko pilotariek. Oiartzun izango dute aurrez aurre finalerdietan, eta joaneko partidak ostiralean jokatuko dituzte Frontoi Txikian. Bigarren finalerdiak Azkoitiak eta Ataunek jokatuko dituzte.

Atzoko partidetako irudi bat.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Atzo, ostirala, jokatu zituzten Ilunpeko pilotariek eskuzko Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketako final laurdenetako itzulerako partidak, Asteasuko frontoian. Azpeitiko pilotariak joanekoan 2 eta 1 nagusituta iritsi ziren Asteasura, eta han berretsi egin zuten lortutakoa; izan ere, 2 eta 1 nagusitu ziren Ilunpeko pilotariak. Hori dela eta, Herriarteko Txapelketako finalerdietan izango da Azpeitia, eta Oiartzun izango du aurkari.

Atzoko lehen partida, kadete mailakoa, erraz irabazi zuten Aimar Egigurenek eta Jakes Elosegik, 22 eta 5 amaitu baitzen neurketa. Gorka Iriarte eta Aritz Larrañaga jubenilek ere aise lortu zuten garaipena; 22 eta 5 bukatu zen partida. Hirugarren partida, ordea, seniorrena, ezin izan zuten irabazi azpeitiarrek: Oier Apezetxeak eta Daniel Murgiondok 11 eta 22 galdu zuten neurketa.

Datorren ostiralean Frontoi Txikian jokatuko dituzte joaneko partidak Azpeitiko pilotariek, eta Oiartzunen aurkako kanporaketa gainditzen badute, finalean izango dira Ilunpeko pilotariak. Bigarren finalaurrekoa Azkoitiak eta Ataunek jokatuko dute, atzo lortu baitzuen Azkoitian txapelketan aurrera egiteko txartela.

Bestalde, Azpeitiko palistek Gipuzkoako Herriarteko I. Gomazko Paleta Txapelketako lehian jarraitzen dute. Gaur, zapatua, Zumarragan jokatuko dituzte finalerdietako joaneko neurketak, 19:00etan hasita.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa