Mari Jose Aranguren: "Ezagutza leku guztietan dago, eta ezagutza horiek denak uztartu behar dira erronkei aurre egiteko"

Uztarria.eus 2018ko eka. 8a, 20:03

Mari Jose Aranguren ekonomian katedraduna eta Deustuko Unibertsitatearen Orkestra lehiakortasunerako euskal institutuko zuzendari nagusia izan da Sanagustineko elkarrizketak saioko zazpigarren protagonista. Miren Garate kazetariak elkarrizketatu du.

Mari Jose Aranguren (Urrestilla, 1969) ekonomian katedraduna eta Deustuko Unibertsitatearen Orkestra lehiakortasunerako euskal institutuko zuzendari nagusia izan da Sanagustineko elkarrizketak saioko azken protagonista. Joan zen maiatzean egin zion hari elkarrizketa Miren Garate kazetariak, eta dagoeneko ikusgai da solasaldia Erlo Telebistan eta sarean. Sanagustineko elkarrizketak Uztarria Komunikazio Taldeak, Erlo Telebistak, Azpeitiko Kultur Mahaiak, Kulturaz kooperatibak eta Urola Kostako Hitzak antolatutako saioa da.

2014tik Orkestra lehiakortasunerako euskal institutua zuzentzen duzu. Nolakoa da zure lan egun arrunt bat?

Gaur egun, 34 bat langilek osatzen dugu Orkestra. Donostian daukagu egoitza nagusia, baina taldetxo bat bada Irunen lanean. Hamar herrialdetako lagunek egiten dugu lan Orkestran. Egia esan, gure egunerokoan ez daude bi egun berdin. Proiektuka egiten dugu lan, aktore desberdinekin: enpresekin, erakunde publikoekin... eta proiektu jakin bateko bilera dudanean, ez naiz bulegora joaten. Finean, A-8 autobidean ibili handiak egiten ditugu. Gainerakoan, Donostiako bulegoan egiten dut lan: taldeko bilerak, proiektuen diseinuak, proiektuen garapenerako analisiak, telefono bidezko elkarrizketak, analisien edo irakurri ditugun gauzen gaineko eztabaidak... denetarik egiten dugu. Lan oso anitza da, eta zentzu horretan, oso aberasgarria.

Hiru helburu nagusi ditu Orkestrak: EAEko lehiakortasuna hobetzen laguntzea; herritarren ongizatea hobetzeko lan egitea; eta lehiakortasunaren alorrean jakintza sortzea. Inguruko enpresa gehienak txikiak edo oso txikiak dira. Lehiakortasunari lotuta, zer ahulezia eta indargune ikusten dizkiezu horiei?

Euskal Autonomia Erkidegoko enpresak txikiak eta ertainenak dira. Enpresa txikiek abantaila batzuk badituzte, esate baterako, malgutasuna. Gauzak gaur egun asko aldatzen dira, eta enpresek aldaketetara moldatzeko erraztasunak dituzte txikiak direlako eta ez dituztelako egitura handiak aldatu behar. Bestalde, pertsonen arteko lankidetza edo pertsonen arteko talde lana errazagoa da enpresa txikietan. Hainbat desabantaila ere badituzte, ordea; batez ere, baliabideei dagokienez. Enpresa txiki batek baliabide gutxiago ditu normalean, taldea txikiagoa da, eta pertsona bakoitzari gauza asko garatzea tokatzen zaio. Pertsona bat arlo desberdinetan espezializatzea zailagoa izaten da. Halako kasuetan garrantzitsua izaten da lankidetza. Gure berrikuntza sisteman aktore asko daude, hala nola lanbide heziketako zentroak, garapen agentziak, unibertsitateak, zentro teknologikoak eta enpresak, eta enpresa txiki batek ez duen hori lankidetzatik lor dezake. Horrela egin diezaioke aurre dituen erronkei. Horregatik guztiagatik, asko lantzen dugu sarea nola sortu eta lankidetzak nola garatu.

Askotan aipatu izan da arazo handiena horixe dela, hain zuzen ere, bakoitza bere aldetik doala. Unibertsitateak beren aldetik, enpresak ere bai... Asko kostatzen al da lankidetza hori lortzea?

Oso kuriosoa da; izan ere, kolaboratzen duguna baino askoz ere gehiago kolaboratu behar genuke. Gertatzen zaiguna da kanpora goazenean, hemengo kasuak eta adibideak aurkezten ditugunean, inbidiaz begiratzen digutela, beste tokietan ere asko kostatzen delako lankidetzan aritzea. Ez da hemengo zailtasun bat, toki guztietan gertatzen da. Lankidetzak konfiantza eskatzen du, eta, askotan, konfiantza sortzea asko kostatzen zaigu; eta galdu erraz egiten da. Konfiantza sortzea, besteengandik beti dugula zerbait ikasteko pentsatzea, umiltasuna... lankidetzan laguntzen duten ezaugarriak dira. Pentsatzen badugu gure kasa denak egiteko gai garela, dena dugula edo besteak ez duela ezer emateko, zailagoa da lankidetza.

Orkestraren beste adar nagusietako bat pertsonen ongizatea hobetzea da. Askotan aipatzen da ongizate sistema arriskuan dagoela. Zuk hala ikusten al duzu?

Orkestran ikerketako zentroa dugu eta ezagutza sortu behar dugu, baina ez dugu ezagutza sortu behar sortzeko helburu hutsez. Eagutza horrek baliagarri izan behar du gure enpresen eta lurraldearen lehiakortasuna indartzeko edo balio berriak sortzeko. Eta horrek ekartzen du, azkenean, ongizate maila hobea izatea, bizitza garatzeko behar ditugun oinarrizko baliabideak izatea. Horrela ulertzen dugu guk ongizatea. Adibidez, hezkuntzan eta osasunean erantzun egokia izateko baliabideak behar ditugu gure sisteman. Bilakaera demografikoagatik, eta gaur egungo zerga sistemarekin, gero eta zailtasun gehiago ditugu baliabide gehiago izateko. Modu berriak bilatu behar dira beharrei erantzuteko, eta horretan ere berrikuntza aplikatu behar da. Lehengo eskemak jarraituta eta pentsatu gabe nola eutsiko diogun gure ongizateari, zaila da sistema epe luzean mantendu ahal izatea. Boluntarioen sistemak-eta landu beharko dira, beste modu batzuetako lankidetzak; izan ere, gauza guztiak ez dira soilik baliabide ekonomikoen bidez lortzen.

Biztanleriaren zahartzaroa puri-purian dagoen gaia da.

Bai, hala da. Iaz bukatu genuen lehiakortasuneko azken txostena, eta han ikusten da gero eta pertsona gutxiago daudela lanean eta portzentualki gero eta pertsona gehiago direla lan egiten ez dutenak. Hori dela eta, lanean ari direnek mantendu behar dituzte lan egiten ez duten horiek, eta hori posible izan dadin beste bide batzuk ireki behar dira; horretan ari gara.

Erretiro adina atzeratzea izan al daiteke aukeretako bat?

Ziurrenik ez da egongo neurri bakar bat. Erretiro adina atzeratzea ezinezkoa da zenbait lanbidetan: oso lan gogorra bada edo fisikoa, adinarekin ez zaude egoera berean. Aldiz, beste lan mota batean, agian, lan horretan jarraitzeko moduan zaude 67 edo 68 urterekin. Horregatik, neurri orokorretatik kasuetara jo beharko litzateke. Neurri gehiago ere aipatzen dira. Adibidez, kanpotik datozen herritarren integrazio prozesuetan laguntzea, horien prestakuntza zaintzea eta lan merkaturatzea erraztea. Topo egiten ari garen arazoetako bat da enpresetan ezin dutela profil jakin bateko jendea bilatu. Enpresek esaten digute lanbide heziketako zentroetara deitzen dutela eta ez dutela aurkitzen lan jakin batzuetan erantzuteko jenderik; eta aldi berean, beste prestakuntza mota bat duten pertsonak daude lanik aurkitu ezinda. Arrakala moduko bat dago lanerako eskatzen dituzten profilen eta dugun prestakuntzaren artean. Hori zergatik ari da gertatzen? Neurri batean, hezkuntza sistemaren eta lana sortzen duten enpresen artean dagoen lankidetza faltagatik. Hori dela eta, gero eta gehiago ari gara lantzen prestakuntza duala deitzen zaion hori. Modu horretan, lanbide heziketako zentroak eta enpresak elkarlanean ari dira. Hori horrela izanik, zentroak badaki enpresak zer behar duen eta zer behar ari zaizkion sortzen, eta zentroak horretara egokitzen dira.

Indarra hartzen ari den terminoetako bat da gig economy. Hau da, lana aurkitu bai, baina zer baldintzatan?

Gertatzen ari dena da gero eta lan zehatz gehiago sortzen ari direla. Horren eraginez, pasatu ditzakezu sei hilabete intentsitate handian lanean, eta beste bi ia lanik gabe. Kasu horietan dituzun diru sarrerak asko aldatzen dira, eta kasu horretan aztertu behar da nola garatzen den pertsona horiek bizi kalitatea bermatzeko behar duten babesa. Horrek eskatzen du lan mota desberdinak sortzea, fluktuagarriagoak diren lan horiei nola erantzun aztertzea eta politikatik eta programetatik beharrei erantzutea.

Orkestraren hirugarren adarra jakintza sortzea da. Ikerketa arloan aritzen zarete lanean, baina eredu berezi samarra duzue. Nolakoa da?

Orkestraren misioan esaten da ikerketa zentroa dela, baina ikerketa horrek gauzak eraldatzen lagundu behar duela ere bai; hau da, bertako lehiakortasuna, garapena eta ongizatea hobetzeko izan behar du ikerketak. Horrek eskatzen du askoz ere gehiago ulertzea errealitatea, eta haren arazoetan eta erronketan eragin behar badugu, askoz hobeto ulertu behar dugu zer arazo dauden. Askoz ere hobeto ulertzea enpresetan, erakunde publikoetan edo erakunde sozialetan nolako erronkak eta arazoak dituzten, ikerketarekin horiei hobeto erantzuteko. Horrek eskatzen du lankidetza handiagoa edukitzea arazo edo erronka horiek dituzten aktoreekin. Lan egiteko modu berriak ari gara garatzen; izan ere, txosten batek ez ditu gauzak aldatzen. Txosten batek ideiak ematen ditu, eta gero, horrek utzitako eraginarekin alda dezakezu zerbait. Txostenak egin behar dira, baina eraldaketa prozesuak bultzatu behar dira, eta horrek eskatzen du lankidetzan eta elkarrizketa estuetan oinarrituta lan egitea. Batzuetan, analisiak behar izaten dituzte, eta beste batzuetan, kanpotik norbait ekartzea zerbait esatera. Badirudi kanpotik etorritako norbaitek esandakoak bertako batek esandakoak baino mila aldiz gehiago balio duela. Metodologia ugari daude, eta horiek ari gara bultzatzen. Lanketa hori egiteak eskatzen du ikertzaileak errekonozitzea ezagutza ez dagoela ikerketaren munduan edo unibertsitatean soilik; ezagutza leku guztietan dago, mota desberdinetako ezagutza da, baina ezagutza horiek denak uztartu behar dira erronkei aurre egiteko. Batzuetan, mundu akademikoan kostatu egiten zaigu umiltasun horrekin lan egitea, eta hori gure lantaldean barneratzea eraldaketa prozesu bat izan da.

Harvard Unibertsitatearen aitortza ere jaso duzue ikertzeko modu horregatik.

 

Harvard Unibertsitateko Estrategia eta Lehiakortasun Institutuarekin hitzarmena dugu Orkestra sortu zenetik. Sare horren barruan 130 unibertsitate inguru gaude, eta horietatik 40k Orkestrak bezalako zentroak dituzte. Gehienek unibertsitateetako ikerketa departamenduak izaten jarraitzen dute, ikerketa egiteko modua asko aldatu gabe. Harvardek errekonozitu duena da, Orkestrak asmatu edo lortu duela nolabait, ikerketaren ezagutzaren sorrera eraldaketatik egiten.

Zu zeu ere errekonozitua izan zara: Hall of Famen sartu dute. Zer esan nahi du zuretzat aipamen hori jasotzeak?

Oso amerikarra da guztia. Pertsonaren errekonozimenduari pisu handia ematen diote han. Gu gauza horiekin lotsatu egiten gara. Eragina izan duten pertsonak aitortzen dituzte; ni lehiakortasun eta garapen alorrean ekarpena egiteagatik. Baina hori talde lanaren ondorioa da; Orkestraren barruan gauden pertsonak gara institutua. Beraz, Orkestrentzat errekonozimendua izan da.

Orkestrako zuzendaria zara, emakumea, eta horrelako postuetan oraindik ere gutxi zarete emakumeak. Inoiz sentitu duzu oztoporik emakume izateagatik?

Orokorrean, barne lanean, taldearekin eta ikertzaileekin ez dut inongo arazorik izan. Baina enpresekin, erakunde publikoekin eta abarrekin lan asko egiten dugu, eta momentu batzuetan emakumeak esandakoak ez dira gizonak esandakoak bezain kontuan hartzen. Ez da emakume eta gizonen arteko kontua bakarrik; bertakoek esandakoa ere ez da kanpokoen haina errekonozitzen. Halako bereizketa binarioak bizitzea tokatu zait testuinguru oso zehatzetan; halako kasuak gutxitzen ari diren arren, oraindik geratzen dira sektore batzuetan.

Industria da sektore horietako bat?

Bai, hala da.

Eta hemendik kanpo ere gertatzen al da kanpokoek esaten dutenak bertakoek esandakoak baino indar gehiago duela?

Uruguain izan nintzen hitzaldi bat ematen, eta zera esan zidaten: "Jo, zuk gaur esandakoak begiak ireki dizkie entzuleei, baina guk hilabeteak daramatzagu gauza bera esaten, eta ez digute kasurik egiten". Beraz, baietz esango nuke, kanpoan ere gertatzen dela. Europan ez hainbeste, baina Hego Amerikan gertatu zait halakorik.

Azken urteetan ekonomia krisiaz besterik ez da hitz egin. Urte hauetan gertatutakoa laburbildu beharko bazenu, zer nabarmenduko zenuke?

Bide luzea izan da, uste genuena baino luzeagoa. Bidea astuna ere izan da. Abiatzeko estrategia hartu zuten enpresek eta eragileek, motzagoa izango zelakoan. Kasu denetan eragina ez da bera izan. Ez gaitu denok berdin astindu krisiak; batzuk oso kaltetuak izan dira. Hazten ari gara, ekonomia hobetzen doa, lanpostuak sortzen ari dira, baina gure adierazle ekonomikoak onak badira ere, adierazle sozialak oraindik erakusten dute langabezian, berdintasunean edo kohesio sozialean baditugula erronkak; adibidez kalitatezko lanpostuak sortzea da horietako bat. Euskal ereduan, beti egon dira oso uztartuta zutabe ekonomikoa eta gizarte zutabea; garapen ekonomikoa, berriz, gizarte kohesioarekin egon da oso lotuta. Kohesio horrek garapen ekonomikoa lantzen du, eta horiek elkar elikatzen diren bi polo positibo dira. Posizio onean gaude bultzada eman eta aurrera egiteko, etorriko baitira gero ere, krisi berriak, ziur.

Desberdintasunak hazten doazela esan ohi da. Zein izan daitezke gaur egun kolektibo ahulenak?

Krisi garaian lanik gabe geratu diren pertsonak dira zailtasun handienak dituztenak eta kolektiborik ahulenak, baita gaitasun berriak bereganatzeko adin jakin bat dutenak, eta horregatik, lan mundura sartzeko zailtasunak dituztenak ere. Eta ikasketak utzi dituzten gazteak eta lan mundura nola gerturatu ez dakitenak ere hor daude. Azkenean, lana izateak edo ez izateak, asko baldintzatzen du gure bizitza. Ez da diru sarreren kontua bakarrik; errealizatua sentitzea, motibazioa... Lanak asko betetzen du egunerokoan. Bestalde, adineko gero eta jende gehiago dago, eta beste errealitate batzuk sortzen dira. Adibidez, bakardadea. Behar afektiboak ere sortzen ari dira, beharrak ez dira, beraz, ekonomikoa soilik.

Ekonomia hazten ari da, baina hazkundeak ez luke helburu izan behar, bitarteko baizik. Zer garapen eredu bultzatu behar genuke?

Ez dut uste garapen eredu bakarra dagoenik, herri bakoitzak berea erabaki behar du. Herrialde batzuk garrantzia handia ematen diote ingurumenaren jasangarritasunari, hurrengo belaunaldiei utziko dieten munduak asko kezkatzen dituelako. Beste batzuk, berriz, garapen sozialari ematen diote garrantzia, besteek identitatea mantentzeari... Adibidez, Kanadan egon zen mugimendu bat zer esaten zuena: "Kanada beste herrialdeekin konparatuko dugu, baina guk ez dugu neurgailu denetan beste herriek baino hobeto egon behar. Nolako eredua nahi dugun pentsatuko dugu, herri bezala zer garapen den garrantzitsua erabakiko dugu, eta gero jarriko ditugu adierazleak ikusteko eredu horretan aurrera goazen, geldik gauden edo atzera egiten ari garen". Ez dago eredu jakin bat, baina eredu horrek izan behar du gure sendotasunetan oinarritutakoa eta denon parte-hartzearekin garatutakoa.

Zazpigarren elkarrizketa

2016ko ekainean estreinatu zuten Azpeitiko eragile hainbatek azpeitiar ezagunak protagonista dituen Sanagustineko elkarrizketak zikloa. Honako hauek dira Arangurenenaren aurretik egindako elkarrizketak:

Jabier Larrañaga (Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ogasun eta Finantza diputatua)

Erika Olaizola (aktorea)

Mikel Labaka (futbolari ohia eta entrenatzailea)

Miren Odriozola (internazionalista)

Iban Arregi (Berria Taldeko kontseilari ordezkaria)

Eguzkiñe Peña (futbolaria)