100 urte bete ditu Iturralde Iturgintzak

Uztarria.eus 2018ko eka. 7a, 15:26

Urtemuga borobila ospatzen ari da Iturralde Iturgintza. Izan ere, aurten 100 urte bete ditu familia negozioak. Iturraldek "herriari emandako bizia eta zerbitzua" eskertu nahi izan dituzte Azpeitiko Udalak eta Bertan Merkatari elkarteak. Horregatik, eskerrak eman dizkiote iturraldetarren familiari.

"Sakarias Iturraldek hasi zuen iturraldetarren bidea. Bizikleta gainean, Azpeitian zein inguruetan ibiltzen omen zen etxez etxe komunak eta iturriak konpondu edo berriak egiten. Ondoren, haren seme Juliok jarraitu zuen ofizioarekin, eta gaur egun Julioren seme Anttonek eta Juliok dihardute lan horretan Idoiarekin batera", azaldu du Udalak.

Agustin Lizarralde merkataritza zinegotziak oroigarri bat eman die iturgintza dendaren jabeei: "Zuhaitzak urtez urte enborrean aro bat osatzen joaten dira, esperientziaren aroak. Zuen familia ere horretan aritu da 100 urtez. Esperientzia bildu eta merkataritza txikia sustatuz herria egiten. Segi horretan". Argazkian, Iturraldeko, Bertaneko eta Udaleko ordezkariak dendaren aurrean.