Siriarrekin orpoz orpo Loiolara

Uztarria.eus 2018ko eka. 6a, 21:00
Magallon, Hamati, Loiola Zentroko Perez Pastor, Gonzalez eta Etxeberria gaur, Loiola Zentroaren atarian.

Ibilaldia egingo dute igandean Aizpurutxotik Loiolara ia ehun errefuxiatu siriarrek eta haiekin bat egitea nahi duten herritarrek, Hospitalitatearen Bideak egitasmoan; harrera egingo diete erakundeek eguerdi partean, eta ondoren herri bazkaria eta kulturarteko ekitaldia egingo dituzte, Loiolan bertan. Herritarrak parte hartzera deitu dituzte.

Siriako gerratik ihesi Europan bizi diren ia ehun errefuxiatu etorriko dira asteburuan Euskal Herrira, Hospitalitatearen Bideak egitasmoan parte hartzera eta euskal herritarrekin batera oinez bidea egitera. Jesusen Lagundiko Migratzaileen Laguntzarako Zerbitzuak, Alboan GKEk, eta Europan bizi diren hainbat errefuxiatu siriar batzen dituen Go Forward Europe taldeak antolatutako egitasmoa Iruñean eta Xabierren gauzatuko da zapatuan, eta Loiolako Santutegira iritsiko da igandean.

Oinez iritsiko dira Siriako errefuxiatuak Loiolara eguerdi partean, 10:00etan Aizpurutxotik abiatuta, eta ibilaldian haiekin bat egitera gonbidatu dituzte herritarrak. "Ibiltzea eta errefuxiatuei bidean laguntzea ez ezik, elkarrizketa sustatzea ere bada egitasmoaren helburua, elkar ezagutzea", nabarmendu du Alboaneko Mari Mar Magallonek, igandekoaren xehetasunak emateko Loiola Zentroaren egoitzan egin duten agerraldian. Basilikaren atarian harrera egingo diete erakundeek ibiltariei 13:30ean; ondoren, herri bazkaria izango da Loiolan bertan, eta 16:00etatik aurrera egingo duten kulturarteko ekitaldiarekin osatuko dute jardunaldia. Parte hartzea, bazkaria barne, doan izango da, baina ibilaldian edota Loiolako ekitaldietan parte hartu nahi dutenei aurrez izena emateko eskatu diete, caminosdehospitalidad.alboan.org webgunean sartuta.

Orain dela bi urte eta erdi, Jesusen Lagundiko erakundeek hospitalitatearen aldeko kanpaina martxan jarri zutela gogoratu du Miguel Gonzalezek, jesuiten Migratzaileen Laguntzarako Zerbitzuaren koordinatzaileak; kanpaina horren barruan antolatu dute, hain zuzen ere, Hospitalitatearen Bideak. "Kanpaina horrekin, munduan dauden 65 milioi errefuxiatuen egoera nabarmendu nahi genuen, eta, batez ere, Europako herrialdeek, gureak barne, emandako erantzun eskasa salatu". Europako gobernuek mugak indartuz eta  asilo eskubidea murriztuz errefuxiatuei jartzen dizkieten oztopoak aipatu ditu Gonzalezek. "Harrera on baten alde gaude, herri abegikorra izatea nahi dugu, eta hona iristeko legezko bideak ireki ditzatela eskatu nahi diegu Europako herrialdeei".

Van der Lugt-en eredua

Go Forward Europe-eko Samer Hamatik taldearen helburuak azaldu ditu: "Europako jendeari Siriaren eta gure kulturaren alderik argitsuena erakutsi nahi diegu. Bizitzaren alde ilunena ezagutu dugun jendea gara, baina erakutsi nahi dugu alde argitsua ere badugula, bizipoza".

Hamatik, taldeko beste askok bezala, Sirian ezagutu zuen Frans Van der Lugt jesuita holandarraren eredua jarraitu nahi izan du Go Forward Europe taldearekin. 1970eko hamarkadan iritsi zen Van der Lugt Siriako Homs hirira eta han hil zuten, 2014an, gerra hasi eta hiru urtera. Homsen, gazteekin, emakume nekazariekin edota ezgaitasunak zituzten pertsonekin egiten zuen lan jesuitak. "Gazteak hezteko eta haiekin lan egiteko, kultur eta erlijio aniztasuna sustatzeko, mendi ibilaldiak antolatzen hasi zen Aita Hans, 1980ko hamarkadan. Europan zabalduta dagoen aktibitatea izan arren, Sirian ez zen batere ohikoa halako ibilaldiak egitea". Horrela, ibilaldi haiek Europan berreskuratzea erabaki zuten Hamatik eta taldekideek, Van der Lugtek "jendeari adorea emateko" sarri erabiltzen zuen go forward esamoldea eta bere esanahia erabilita: "Ez etsi, segi aurrera, zailtasunei aurre egin eta jarraitu. Bizitza maite dugu, bizitzaz gozatzea nahi dugu".

Alemanian bizi dira errefuxiatu siriar gehienak, eta han egin dituzte orain arteko ibilaldi eta topaketa gehienak. Orain, Europako herrialde gehiagotara zabaldu nahi dituzte egitasmoak.

"Ardura etikoa"

Eusko Jaurlaritzak, aldundiek eta Azkoitiko eta Azpeitiko udalek babestu dute igandeko hitzordua.
Europak, eta Euskal Herriak, "errefuxiatuekiko ardura etikoa" dutela esan du gaur Loiolan Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak. Errefuxiatuak eragiten dituzten gerretan "hemen ekoiztu eta hemendik esportatzen diren armak erabiltzen" dituztela gogoratu du. "Gizatasunagatik, duintasunagatik, gerra honetan ez garelako arrotzak, gure ardura onartu eta asumitu egin behar dugu", adierazi du.