Herritarrei ingurumenarekin eta ekipamendu publikoekin arduratsu jokatzeko eskatu die Udalak

Uztarria.eus 2018ko eka. 6a, 17:39

Herritarrei ingurumenarekin eta ekipamendu publikoekin arduratsu jokatzeko eskatu die Azpeitiko Udalak; izan ere, asteburuan Zelai Luzeko hainbat zuhaitz eta landare apurtu dituztela jakinarazi du erakundeak, tartean maiatzaren 26an Azpeitiaren eta Hazparneren 30. urtemugaren harira antolatutako festa egunean landatu zuten zuhaitza. Udalak horrelako ekintzak "baztertzen eta salatzen" dituela esan du, eta adierazi du herri ekipamenduen puskaketak ere sarri gertatzen direla. Erakundeak hautsitako zuhaitzak "aztertu" ditu, eta "dirudienez ondo" daudela esan du. "Hala ere, jarraipena egingo zaie, eta beharrezkoa bada, ordezkatu egingo dira udazkenean". Argazkian, Azpeitia eta Hazparneren senidetzearen harira landatu zuten zuhaitza hautsita.