Luis Piedrahita umoristak bakarrizketa eskainiko du larunbatean, Soreasun

Uztarria.eus 2018ko eka. 6a, 15:02

Las amigdalas de mis amigdalas son mis amigdalas bakarrizketa eskainiko du umoristak, eta sarrerak Kulturaz kooperatibaren webgunean eta Sanagustin kulturgunean eskuratu ahal izango dira, aurrez, 19 euroren trukean, eta egunean bertan 23 euro ordainduta.

Larunbatean, hilak 9, Luis Piedrahita umoristak Las amigdalas de mis amigdalas son mis amigdalas bakarrizketa eskainiko du Soreasu antzokian. Saioa 22:30ean izango da, eta ordu eta erdi iraungo du. Sarrerak, aurrez erosita, 19 euroren truke eskuratu ahal izango dira; egunean bertan erosiz gero, 23 euro ordaindu beharko dira. Sarrerak Kulturaz kooperatibaren webgunean eta Sanagustin kulturgunean eros daitezke aurrez; egunean bertan, berriz, Soreasu antzokiko lehiatilan

Vitamin produkzioakek antolatutako ikuskizunean Luis Piedrahita (Coruña, 1977) umorista, idazle eta zine zuzendaria izango da aktore bakarra. Piedrahitak hamabost urte daramatza umorezko ikuskizunak sortzen, eta oraingoan ere, umoreari helduko dio galiziarrak. 12 urtetik gorako pertsonei zuzendutako ikuskizuna da zapatuan eskainiko duena. 

Umorea izango da ikuskizunaren ardatza, ikusleengan "barreak eta emozioak pizten" laguntzeko. Bakarrizketak "bizitza hotel bat bezalakoa" dela erakutsi nahi du, hots, denbora gutxiz egoten garen leku bat. Horregatik, umoristak egunerokotasuneko pasadizo tristeak umorez beteko ditu, publikoari barrea eragiteko. Piedrahitak, besteak beste, inbidia, egoismoa eta mesfidantza alde batera utzi nahi ditu ikuskizunarekin. Hori guztia egiteko bere pertsonalitateaz, ahotsaz eta gorputzaz baliatuko da.