Azpeitiko Udalak bat egin du igandeko giza katearekin

Uztarria.eus | Politika | Artikulua
2018-06-06 09:33

Atzoko udalbatzarrean onartu zuten EH Bilduk eta EAJk Gure Esku Dagoren mozioa. Bi alderdietako ordezkariek bat egin dute Gure Esku Dago dinamikak iganderako antolatu duen giza katearekin, eta herritarrei egitasmoan parte hartzeko deia egin diete.

Azpeitiko Udaleko EH Bilduko eta EAJko zinegotziak. (Azpeitiko Udala)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Azpeitiko Udaleko bi alderdi politikoek, EH Bilduk eta EAJk, Gure Esku Dagok aurkeztutako mozioa onartu zuten atzo, asteartea, egindako ekaineko ohiko udalbatzarrean. Datorren igandeko giza katearekin bat egin dute udal ordezkari guztiek, eta bilkura bukatzean argazkia atera zuten horiek. Udaleko EH Bilduk eta EAJk herritarrei giza katean parte hartzeko deia egin diete.

Honako hau da atzoko udalbatzarrean onartu zuten mozioa:

"Aturritik Ebrora eta Enkarterrietatik Auñamendira, Pirinioetako bi aldeetan 685 udalerrietan bizi garen hiru milioi euskal herritarren gehiengoak, gure hizkuntza, kultura edo jatorria edozein izanik ere, euskal herritar gisa bizi nahi dugu. Gure eskubide zibilak eta politikoak barne, Nazioarteko Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsaletik eratortzen diren eskubide guztien jabe bizi nahi dugu Euskal Herri osoan.

Duela bost urte Euskal Herrian sortu zen Gure Esku Dago mugimenduarekin batera ekin genion Azpeitian ezberdinen arteko baturatik osatutako erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikari. Ordutik, lanketa eta pauso garrantzitsuak egin ditugu Euskal Herrian zein Azpeitian. Horren erakusle dira 2014ko ekainaren 8an milaka herritarrek osatu zuten Iruñea eta Durango arteko giza katea, eta 2014an 5.000 herritarrek baino gehiagok eman zuten boza Azpeitian egindako erabakitze eskubidearen aldeko galdeketan.

Pauso garrantzitsuak izan dira, eta orain esku artean duguna ez da apalagoa. Aurtengo ekainaren 10ean, Donostia, Bilbao eta Gazteiz lotu nahi ditugu giza kateren bidez. Bertan, 100.000 bat herritarrek elkarri eskutik helduta herri bat garela, erabakitzeko eskubidea dugula eta herritarron garaia dela aldarrikatuko dugu, beste behin.

Erabakitzeko eskubidea gauzatzeko aukera berriak sortu daitezkeen honetan, herritar guztiok ezinbesteko giltza garelako, milaka arrazoi eta gehiago daude giza katean parte hartzeko.

Hori dela eta, Azpeitiko Udalak bat egin du ekainaren 10ean egingo den giza katearekin eta horren inguruan antolatutako ekintzekin. Horretaz gain, bando bidez, herritarrei ekainaren 10ean azpeitiarroi egokitutako Zumaia eta Getaria arteko kilometroetan edota beste edozein puntutan elkarri eskua emateko deia luzatzen diegu. Herri bat garelako; erabakitzeko eskubidea dugulako; eta herritarron garaia delako. Gure Esku dago!".

Informazio gehiago

Bidali:  

Erantzunak

Erabiltzailearen aurpegia UstezkoArdiBeltza | 2018-06-07 : 16:59

Atxikia dagoen bideo honi egiten zaio erreferentzia, uztarriako bertako beste berri baten argitaratua:

https://www.youtube.com/watch?v=TJSZY0VZWSc


Hirugarren aldia da bideoa ikusten dudana eta egia esan, ez nau aspertzen. Ikusten dudan aldiro esaldi berri batek harritzen nau. Izan emakumeen kirolaren ikusgarritasunaren afera, izan hezkuntzaren afera edota izan hizkuntza edota kulturaren afera.

Alde batetik, Gure Esku Dago (GED) dinamikak berak sortzen dizkidan zalantzak edo ezinegonak adierazi nahi nituzke, dezente baitira. Iruditzen zait, GED, bere sorreratik berrasmatzen egon den eragile bat izan dela, berrasmatze hori formen aldetik egin duelarik, inoiz ez helburu estrategikoaren aldetik, erabakitzeko eskubidea. Hainbat forma erabili dituzte euren aldarrikapenak ahalik eta gehien zabaltzeko; guztiok ditugu buruan formok; lehen urteko giza kate hura, mosaiko erraldoiak, herri galdeketak… Zinez uste dut, antolatzaileek ekintza edo egun puntual hauek inflexio puntutzat markatu zituztela, baina ikusi da bere helburua ez zutela bete; gehienez indar erakustalditzat har genitzakeelakoan nago, eta honek ere zalantzak sortzen dizkit. Zer lortu da Euskal Herriarentzat nire lagunei 2014an eskuak luzatu nizkienetik? Fruiturik eman du orain artekoak? Ezetz iruditzen zait, egun eta ekintza haiek haizeak eraman ditu, eman duen fruitu bakarra GED beraren dekadentzia eta indarra galtzea dela iruditzen zait. Hasierako olatu indartsua lehertu egin da, berriro ere baretuz. Aurtengoari helduta, benetako grazia ematen dit nola bideoko hizlariek “Euskal Herri” edota “euskal herritar” hitzak darabiltzaten (terminologia erabat logikoa iruditzen zait; hau ez da hizlarion aurkako idatzi bat), eta, paradoxikoki, eskuz esku (soka eta zapi batzuk ere beharko dira aurtengoan, bestela…) lotuko den eremua EAE den, Nafarroa eta Iparraldea hurrengo baterako utzirik. Euskal Herriaz Euskal Herria kontuan hartu gabe.

Bestetik, irudika dezagun giza katea igaro dela eta GEDek arrazoi zuela, norbanako eta eragileek legebiltzarrari eskua emanda, beste zenbait lurraldetan egitea lortu ez dena gauzatzen dela Euskal Herrian (edo EAEn), Euskal Errepublika bat egituratzea, Euskal Estatu propio bat. Espainiaren, Frantziaren, Italiaren, Portugalen edota Estatu Batuen parekoa izango dena. Benetan uste dugu gaur egungo sisteman kokatuta legokeen beste estatu batek euskararen salbakuntza ekarriko lukeela, nahiz eta formalki lege marko arautu egoki bat jarri berarekiko? Benetan uste dugu gaur egungo kultura hegemoniko eta zabor honekin amaitzeko eta gure kultura propioa (zer ote da gure kultura propioa, euskalduna dena?) egiteko estatu bat dela azken hitza duena? Benetan uste dugu hezkuntzak estatu baten legeei edo dekretuei erantzuten diola? Badu benetako gaitasunik estatu batek – gaur egungo sisteman – hezkuntza euskalduna izatea erabakitzeaz gain, edo erlijioso edo laiko izateaz izatea erabakitzeaz gain, jorratuko diren edukiak zein izango diren noren interesetarako edukiak izango diren erabakitzeko? Benetan uste dugu genero zapalkuntzari dagokionean, estatuak erantzuten dion sistemak berak genero zapalkuntza behar duenean bere bizirauterako, benetako gaitasunik duenik honekin errotik mozteko? Niri, behintzat, zalantza handiak sortzen dizkit.

Herriko txoko guztietan dugu propaganda mordo bat, komunikatiboki indarra badu behintzat. Hala ere, nekez egingo nuke 2000 azpeitiar bertaratuko direlako baieztapena, Xanjuandeiko festatako giza kate triste hura horren adierazle dela uste dut.

Analisi egoki eta zintzo baten esperoan gaudelakoan nago, neutraltasunari egurra emango dion analisi baten esperoan.

Bitartean… segi egurrean!

Erabiltzailearen aurpegia JosuExp | 2018-06-07 : 18:25

Hausnarketa oso ona izan daiteke. Baina aurpegia eman eta sare sozialetan izen abizenekin ibili den garaitan horrelako hausnarketak anonimatotik egitea lotsa eragiten dit. Baina nondik ateratzen da mundu digitalean ezkutuan aritze hau, edozein perfil bat sortu (edo asko sortu) eta edozer ardurarik gabe esan eta serio hartuko dela usteak. Lotsa eragiten dit analisia hori egitea izen-abizen eman, aurpegia jarri eta elkarri eskua ematen dioten ehundaka herritarren aurrean ANONIMOTASUNETIK. Bai, alde batetik, eta bai, bestetik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa