Dozenaka lagun elkartu da plazan Altsasuko atxiloketak salatzeko

Uztarria.eus 2018ko eka. 5a, 22:54

Altsasun izan diren atxiloketak salatzeko, elkarretaratzea egin dute gaur, Sortuk eta Ernaik deituta. Altsasukoak aske! Utzi Euskal Herria bakean! lelopean, dozenaka lagun elkartu da plazan, 20:00etan. Altsasuko zortzi gazteei bi eta hamahiru urte bitarteko zigorra ezarri die Espainaiko Auzitegi Nazionalak, eta aske ziren lau lagunak gaur goizean atxilotu ditu Guardia Zibilak Altsasun, "ihes egiteko arriskua" argudiatuta.

Joan zen ostiralean jakinarazi zuen Altsasuko zortzi gazteen aurkako epaia Espainiako Auzitegi Nazionalak. Zortzi gazte horiei bi eta hamahiru urte bitarteko zigorra ezarri die auzitegiak, lesioak, desordena publikoa eragitea eta mehatxuak egitea egotzita. Apirilaren 16tik maiatzaren 4ra bitartean epaitu zituzten zortzi gazteak, 2016ko urrian Altsasuko taberna batean bi guardia zibilekin izandako liskar batengatik. Epaiketan, 12 eta 62 urte arteko zigorrak eskatu zituen fiskaltzak.