Labetik ateratzeko pronto dago Xanti Rodriguezek zuzendutako 'Lekaime' film laburra

Uztarria.eus 2018ko eka. 6a, 20:53

Argia ikustear da Lekaime, Xanti Rodriguez argazkilari azpeitiarraren azken film laburra. Atzo, asteartea, zabaldu zuen ikus-entzunezkoaren aurrerapen bideoa Rodriguezek, sare sozialen bitartez. Iazko neguan egin zituzten Lekaimeren grabaketak, eta argazkilariak jakinarazi duenez, "lan askoren ondoren", laster aterako du labetik orain arte esku artean izan duen lana. Dena den, filma herritarren aurrean aurkeztu aurretik, Lekaime  ikus-entzunezkoen jaialdietako eta sariketetako sail ofizialetara aurkezteko asmoa du Rodriguezek.

Zuzendariak aurreratu duenez, 40. hamarkadan kokatzen da Lekaime, eta "Hitlerrek Hendaia zapaldu zuen egunetan dago oinarrituta". Lantzen dituen gaien artean daude magia beltza, nazismoa eta Elizari lotutako haurren bahiketak. Grabaketa lanak Azpeitiko eta inguruetako zenbait txokotan egin zituztela kontatu du Rodriguezek, hala nola Esklabetan, Zelatunen, Ezkuztako harrobian eta Madariagan. 

Oihana Maritorena, Amaia Lizarralde eta Asier Hernandez aktoreak dira azpeitiarrak zuzendutako film laburreko protagonistak. Maritorenak Mariaren papera jokatuko du filmean eta Lizarraldek Sor Rufinarena. Hernandezek, berriz, Espinosa generala hezurmamituko du. 

Estreinaldi ofiziala, iraila inguruan

Lekaime amaitzeko azken zertzeladen faltan, zinema eta ikus-entzunezkoen jaialdien zerrenda begiratzen hasita dago Rodriguez. Hark azaldu duenez, Lekaime jendaurrean aurkeztu aurretik hainbat sariketetako sail ofizialetara aurkeztu nahi du film laburra, eta horregatik luzatuko da aurkezpen ofiziala. Hala ere, irailean edo irail inguruan Lekaime Azpeitian aurkeztea da bere asmoa. Aurretik hainbat lagunen iritziak jasoko dituela ere esan du. Ikus-entzunezko lanen maitaleen gozamenerako, misterioz jositako istorio batekin dator Rodriguez.