Altsasun izan diren atxiloketak salatzeko elkarretaratzea deitu dute arratsalderako

Uztarria.eus | Politika | Artikulua
2018-06-05 15:48

Sortuk eta Ernaik deitu dute kontzentrazioa 20:00etarako. Plazan izango da, Utzi Altsasu bakean! Utzi Euskal Herria bakean! lelopean. Altsasuko zortzi gazteei bi eta hamahiru urte bitarteko zigorra ezarri die Espainaiko Auzitegi Nazionalak, eta aske ziren lau lagunak gaur goizean atxilotu ditu Guardia Zibilak Altsasun, "ihes egiteko arriskua" argudiatuta.

Guardia Zibilak polizia operazioa gauzatu du gaur goizean, Altsasun. Iñaki Abad, Aratz Urrizola, Jon Ander Cob eta Julen Goikoetxea atzeman ditu, "ihes egiteko arriskua" argudiatuta, eta Azpeitiko Sortuk eta Ernaik atxiloketak salatzeko elkarretaratzea deitu dute arratsalderako. 20:00etarako jarri dute hitzordua, plazan, Utzi Altsasu bakean! Utzi Euskal Herria bakean! lelopean.

Joan zen ostiralean jakinarazi zuen Altsasuko zortzi gazteen aurkako epaia Espainiako Auzitegi Nazionalak. Zortzi gazte horiei bi eta hamahiru urte bitarteko zigorra ezarri die auzitegiak, lesioak, desordena publikoa eragitea eta mehatxuak egitea egotzita. Apirilaren 16tik maiatzaren 4ra bitartean epaitu zituzten zortzi gazteak, 2016ko urrian Altsasuko taberna batean bi guardi zibilekin izandako liskar batengatik. Epaiketan, 12 eta 62 urte arteko zigorrak eskatu zituen fiskaltzak.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa