Indiako umeen aldeko krosa eta txirrindulari proba izango dira zapatu arratsaldean Sanjuandegin

Uztarria.eus 2018ko eka. 6a, 10:40
Txirrindulari probaren nahiz lasterketaren antolatzaileak Jose Antonio Agirre plazan. (Azpeitiko Udala)

Aurtengoa Mantangorri txirrindulari probaren laugarren edizioa izango da, eta 16:00etan hasi eta 17:00etan bukatuko da. Federatutako kirolari gazteentzako proba izango da. Lasterketak, berriz, 17:30ean hasiko dira, eta 2004a eta 2013a bitartean jaiotako umeek eta gaztetxoek parte hartu ahal izango dute. Aurtengo bi kirol egitasmoak Indiako umeen aldekoak izango dira.

2015. urtean hasitako bidari jarraituz, kros solidarioa izango da datorren zapatuan, ekainak 9, Sanjuandegi auzoan. Hain zuzen ere, Indiako umeen aldeko proba izango da, eta haurrek nahiz gaztetxoek aukera izango dute herrialde horretako umeei elkartasuna adierazteko. Gainera, aurten, Lagun Onak txirrindulari elkartea batu da egitasmoaren antolaketara, eta ohiko legez, alebinen eta infantilen txirrindulari lasterketa ere prestatu dute zapaturako. "Asmoa denon artean ekintza ikusgarriagoa eta eraginkorragoa egitea da", azaldu dute antolatzaileek.

Aurtengoa Mantangorri txirrindulari probaren laugarren edizioa izango da, eta 16:00etan hasi eta 17:00etan bukatuko da. Federatutako kirolari gazteentzat proba izango da, eta Sanjuandegiko kaleetan egingo dute ibilbidea. Proba horren ondoren hasiko da krosa, eta nahi duen orok parte hartu ahal izango du. 16:00etatik aurrera eman ahal izango da lasterketarako izena Jose Antonio Agirre plazan. Itxulapiko batzuk jarriko dituzte antolatzaileek mahaietan, eta gaztetxoek nahiz helduek ekarpenak egin ahal izango dituzte horietan. Lehen lasterketa 2013an jaiotakoena izango da, eta 17:30ean hasiko da. Ume horiek helduren baten laguntzarekin irten beharko dute proban. Ondoren, mailaz maila, ariko dira gaztetxoak korrika. Azken proba 2004an jaiotakoena izango da, eta 18:30ak aldean bukatzea aurreikusten dute antolatzaileek. Probak bukatzean txokolatea dastatu ahal izango dute parte-hartzaileek.

Sanjuandegiko krosak urteetako ibilbidea du, baina duela lau urte aldaketa nabarmen bat izan zen haren antolaketan. Izan ere, ordura arte lasterketa antolatzeaz arduratzen zen lagun taldeak utzi egin zuen egitekoa, eta Azpeitiko kooperazio taldeek, XJ Auzolaneanek eta Xeye atletismo taldeak hartu zuten haren lekukoa. Antolatzaile berriek erabaki zuten probari "kutsu solidarioa" ematea, eta halaxe izan da: lehen edizioan Nepaleko umeei lagundu zieten; bigarrengoan, Saharakoei; hirugarrengoan Perukoei; eta, aurten, Indiakoei. Txirrindulari proba eta lasterketaren antolatzaileek ekintza solidarioan parte hartzeko deia egin diete herritar guztiei: "Besoak zabalik hartuko zaituztegu".