Ekintzez jositako Espabilau Eguna ospatuko dute zapatuan Lasaon

Uztarria.eus | Festak | Artikulua
2018-06-05 13:59

Auzoko zenbait txoko ezagutzeko, Lasao azpiko pasabidera irteera eta elizara nahiz kriptara bisita gidatua antolatu dituzte aurten. Urteroko ekintzek ez dute hutsik egingo, ordea. Besteak beste, herri kirolak, paella txapelketa, bazkaria eta mahai jolasak antolatu dituzte lasaotarrek zapaturako. Antolatzaileek Espabilau Eguna "jendetsua, alaia, anitza eta batez ere lasaotarra" izatea nahi dute. 

Herri kirolak ere egingo dituzte aurtengo Espabilau Egunean. 2016ko argazkia da hau.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Lasaotarren eguna ate joka dago. Urteko sasoi honetan egin ohi duten gisan, Espabilau Eguna ospatuko dute zapatuan, ekainak 9, Lasaon. Auzoko lagunak arduratzen dira egitaraua prestatzeaz eta ekintzak aurrera eramateaz. Haiek azaldu dutenez, "egun jendetsua, alaia, anitza eta batez ere lasaotarra" ospatu nahi dute zapatuan. Horregatik, antolatzaileek dei egin diete Lasaon bizi diren pertsonei edo han bizi izandakoei, haien senitartekoei, lagunei... larunbateko festan parte har dezaten. Aurten zortzi urte beteko ditu Espabilau Egunak, eta denetariko ekintzak prestatu dituzte beste urte batez. Ekintza gehienak Frontoian egingo dituzte. 

Ibilaldi batekin hasiko dute aurtengorako prestatutako egitarau oparoa. Nahi duten lagunek Lasao azpiko pasabidera bisitan joateko aukera izango dute goizean. Izan ere, 10:00etarakoi auzoko txoko horretara irteera prestatu dute aurten. Hara animatzen diren lagunek oinetako egokiak eta linterna eraman beharko dituzte. 

11:00etan hamaiketakoa eta salda egongo da Lasaora bertaratzen diren lagunentzat. Ondoren, lasaotarren arteko herri kirol lehia izango da. Bi taldetan banatuta, adin guztietako lagunek hartuko dute parte lagunarteko lehian, eta trontzan, sokatiran nahiz eskupilotan arituko dira, besteak beste. Kirola egin ostean, sabelak betetzeko bazkaria prestatu beharko dute. Horregatik, aurten ere Espabilau Egunean egin ohi duten paella txapelketa prestatu dute zapatu eguerdirako. 13:00etan hasiko dira jakiak prestatzen, eta 14:00etan egingo dute txapelketaren sari banaketa. Horren ostean jarriko dira bazkaltzen, 14:30ak aldera. Sabelak bete bitartean auzoko produktuez osatutako karretila baten zozketa egingo dute. Bazkalostea alaitzeaz, aldiz, Itzeder eta Lidia trikitilariak arduratuko dira.

Festak ez du etenik izango arratsaldean. Izan ere, bazkalosterako mus txapelketa eta mahai jolasak izango dira nahi duen ororentzat. Txapelketa nahiz jokoak 16:00ak aldera hasiko dira. Goizeko bisitarekin nahikoa ez dutenentzat edo Lasao gehiago ezagutu nahi dutenentzat, Karlitosen eskutik Lasaoko elizara eta kriptara bisita gidatua egingo dute 18:00etan hasita. Ordu berean, haurrentzako jolasak eta itsulapiko puskatzea egingo dituzte frontoian. Egunari amaiera borobila emateko, berriz, afaria izango da, 21:00etan hasita. 

Otorduetarako izen-ematea

Bazkarian nahiz afarian izena emateko azken eguna gaur, asteartea, da. Interesa dutenek, 658-73 18 32 edo 605- 76 15 19 telefono zenbakietara deituta egin dezakete otorduetarako izen-ematea. 

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa