Ireki dute Udal Euskaltegiaren udako ikastaroetan izena emateko epea

Uztarria.eus 2018ko eka. 5a, 12:09

EGAko eta HABEren C1 eta B2 mailetako tituluak eskuratzeko eskolak emango dituzte, ekainaren 25etik uztailaren 24ra arte. Hilaren 15a arte eman daiteke izena.

Udako ikastaroak emango dituzte aurten ere Azpeitiko Udal Euskaltegian eta ireki dute dagoeneko izen-ematea. EGAko eta HABEren C1 eta B2 mailetako tituluak eskuratzeko eskolak emango dituzte, ekainaren 25etik uztailaren 24ra arte; ikastaro trinkoak izango dira, egunero bost orduko saioekin.

Hilaren 15a arte eman daiteke izena. Ikastaroren batean izena eman nahi dutenek bide hauek dituzte eskura: Udal Euskaltegira joatea (Perdillegi kalea, 1), 943 81 19 47 telefono zenbakira deitzea, edo euskaltegia@erabili.eus helbide elektronikora mezua bidaltzea.

Ikasleentzat eta langabetuentzat matrikula doan da. Gainerakoek 158 euro ordaindu behar dituzte, baina euskaltegiak eskaintzen duen beka eta diru-laguntza sistemarekin matrikula osorik berreskuratzeko aukera izango dute, baldintzak betez gero; ikastaro amaieran %85eko asistentzia erreala izatea da matrikulatzerakoan ordaindutakoa berreskuratzeko bete beharreko baldintza.