Iker Vicentek irabazi du Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketa

Uztarria.eus 2018ko eka. 3a, 17:21

Gaur eguerdian jokatu dute Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketaren finala, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. Aitzol Atutxa Atutxa II.a, Iker Vicente eta Mikel Larrañaga azpeitiarra aritu dira nor baino nor. 12:00etan hasi da lehia, eta hainbat lan egin dute aizkolariek: erlojuaren kontra aritu dira aurrena, egurra zutik ebaki dute jarraian, abiadura probak egin dituzte ondoren, eta, amaitzeko, egurra etzanda ebaki dute. Iker Vicente izan da lan horiek egiten azkarrena: hain zuzen ere, 24 minutu eta 44 segundo behar izan ditu. Haren atzetik, Atutxa sailkatu da, 25:05 denbora eginda. Larrañagak, berriz, hirugarren postua eskuratu du, 29 minutu eta 28 segundoko denborarekin.

Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketaren finalaz gain, beste lau final jokatu dituzte gaur. Batetik, aizkolari gazteak aritu dira nor baino nor. 23 urtez azpikoen mailan, Joxean Etxeberria Etxeberria II.a Julen Larrea Larrea III.aren aurka aritu da, eta Larrea nagusitu da. 19 urtez azpikoen mailan, berriz, Unai Zabala eta Xuban Kañamares izan dira aurrez aurre; Kañamares gailendu zaio Zabalari.

Bestetik, harri-jasotze probak izan dira. Harrijasotzaileen Binakako Txapelketaren finala Xabier Peña aizarnazabaldarrak eta Imanol Albizu Goikoetxek Imanol Illarramendi Kortaberri aiarraren eta Mikel Lopetegi Urra zarauztarraren aurka jokatu dute, eta Peña eta Albizu izan dira garaile, 94 altxaldirekin –92 egin dituzte aurkariek–. Horrez gain, Emakumezko Harrijasotzaileen Binakako Txapelketaren finala ere jokatu dute aurten lehen aldiz Azpeitian: Idoia Etxeberria oriotarra eta Karmele Gisasola nor baino nor aritu dira Raquel de la Calle eta Julia Martinez espainiarren aurka; euskal herritarrak nagusitu dira, 58 altxaldirekin –45 egin dituzte aurkariek–.