Ingurunea zaintzeko sistema

Uztarria.eus 2018ko eka. 1a, 14:33
Xoxoten ezarri duten araztegi txikia. (Azpeitiko Udala)

Ura garbitzeko sistema naturala jarri dute Xoxoten. 'Fitoarazketa' du izena, eta landareak arduratzen dira ur zikinak garbitzeaz. Eman ditu aurreneko emaitzak. Maialen Etxaniz kazetariak Gipuzkoako Hitzarako egindako erreportajea da honako hau.

Goi lurretako urak garbi jaisten badira ere, gizakion jardunak kutsatu egiten ditu. Inor gutxik pentsatu du nora joaten diren landa eremuetako aterpetxeetako zein sukaldeko urak, edo garbitzen ote diren. Izarraitz mendilerroko Xoxote mendian ur zikinak garbitzeko arazketa sistema naturala jarri dute: fitoarazketa sistema. Kimu Bat enpresak egin ditu sistema hori ezartzeko lanak, Azpeitiko Udalaren eskariz. Menditik urrun, Azpeitian, orain gutxi izan dute sistemaren berri, eta herritar gutxi batzuek soilik dakite zertan datzan.

Herriko enpresen egoera eta horiek esku artean zituzten proiektuak ezagutzen ari zela izan zuen Azpeitiko Udalak Kimu Batek ezarri ohi duen fitoarazketa sistemaren berri. Proiektuaren helburua interesgarria zela iritzita, Xoxote mendian ezartzea aztertu zuen, eta Lagun Onak Mendi Bazkunako kideekin harremanetan jarri zen orduan.

Duela urte eta erdi inguru udalaren proposamen deia jaso zutenean, Azpeitiko mendizale elkarteko lagunek ere ez zuten ezagutzen fitoarazketa sistema. Hala azaldu du Lagun Onak MBko lehendakari Aitor Unanuek: "2016ko abenduan jaso genuen udal ordezkarien deia. Orduan kontatu ziguten herriko enpresa batek landa eremuetan ur zikinak garbitzeko fitoarazketa izeneko sistema berri bat jarri zuela martxan. Hura aztertzen hasita zeudela eta garbiketa sistema Xoxoten ezarri nahi zutela azaldu ziguten. Horren inguruan, gure iritzia jakin nahi zuten".

Ur zikinak bi tratamendu jasotzen ditu fitoarazketa sistemarekin, eta landaredia eta fauna arduratzen dira ura garbitzeaz, prozesu biologiko-fisiko-kimikoen bitartez. Hori jakitean, Lagun Onak MBko kideek baiezko borobila eman zioten udalaren proposamenari, sistema berria ezartzea ingurugiroari "mesede" egitea zela iritzita. "Ez genuen askorik pentsatu, orain arte ezarrita zegoen sistema ez baitzen txukunagoa", azaldu du Unanuek. Azpeitiko Udalaren hitzetan, "zahartuta eta hondatuta" zegoen Xoxoteko aterpetxeko ur putzu beltza. Leku hura naturala eta babestua izanik, fitoarazketa sistema probatzeko "toki aproposa" iruditu zitzaien udalari zein mendi elkarteko kideei, eta martxan da jada.

Jarraitu erreportajea irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.