Ainhoa Zabala: "Nekazal elikagaien joera, kontsumo eta praktika osasuntsuak mahai gainean jarriko dira ikastaroan"

Uztarria.eus 2018ko eka. 1a, 13:21
Ainhoa Zabala Landaolako kidea. (Landaola)

EHUko Udako Ikastaroakek eta Landaola federazioak Elikadura jasangarri batetaruntz, landa eremuko elikagaien kontsumoa eta eskaera ikastaroa antolatu dute ekainaren 15erako. Azpeitiko Soreasu antzokian egingo duten saioaren inguruan hitz egin du Landaolako Ainhoa Zabalak.

Ekainaren 15ean Azpeitiko Soreasu antzokian Elikadura jasangarri batetaruntz, landa eremuko elikagaien kontsumoa eta eskaera udako ikastaroa antolatu duzue, EHUrekin batera. Zer eskainiko du ikastaroak?

Alde batetik, elikadurari dagozkion ikerketa, plangintza eta administrazio planen inguruan jardungo dugu, nekazal elikagaien joera, kontsumo eta praktika osasuntsuak mahai gainean jarrita. Horiek guztiak, zentzua hartzen dute elikadura politika eta gobernantza eredu berriak indarrean jartzen eta eraldaketarako proiektuak gauzatzen direnean. Horretarako, esperientzia ezberdinak gertutik ezagutzeko aukera izango dugu. Proiektu eta esperientzia horiek, testuinguru errealetan kokatzeko modua izango dugu. Era berean, ezagutza partekatu eta hausnarketarako gune izatea nahiko genuke bertaratzen direnenentzat.

Esperientzia desberdinak ere agertuko dira bertan, Azpeitikoa, Lea-Artibaikoa edota Nafarroakoa, besteak beste. Benetako esperientziak gertutik ezagutzeak garrantzia du horrelako gaietaz ari garenean, ezta?

Hala da, bai. Aurkeztuko diren ikerketa eta administrazio planak ezagutzeaz gain, Euskal Herriko eta Kataluniako esperientziak eta tokiko elikadura politikak izango ditugu gure artean. Kasu erreal horiek, eraldaketarako giltzarri izaten ari diren egitasmo horiek alegia, nazioarte mailan gertatzen ari den eraldaketaren islada dira gure ingurune hurbilean.

Izen-ematea abian da. Zer moduz doa?

Izen ematea poliki-poliki aurrera doa. Sektoreko profesional ezberdinei zuzendutako jardunaldia dugu antolatutakoa. Izan ere, elikadura dugu lurraldearen garapen jasangarriaren oinarri nagusienetako bat, eta eragile ugari eta ezberdinen elkarlan eta kolaborazioa ezinbestekoa izango da jada abian dugun etorkizun hurbilean.