Maria Angeles Azkune: "Elkar entzutea eta errespetatzea da harreman osasuntsu baterako koktelik onena"

Uztarria.eus 2018ko mai. 31a, 17:52
Maria Angeles Azkune, Laratz tabernako barran. (Haizea Egiguren)

Tabernaria da Maria Angeles Azkune. Maiatzeko Uztarria aldizkarian, 205. zenbakian, Azpeitiko Udaleko Arremanitz Sexu eta Bikote aholkularitza zerbitzuko Haizea Egigurenek eta Edurne Mendizabalek Erotikan Plax! atalerako hari egindako elkarrizketa da honakoa.

Noiztik egiten duzu lan tabernan?

Izango dira 25 bat urte...

Sexualitateari buruz hitz egiten al da Laratzen?

Bai, jende helduarekin batik bat. Baina azaletik, erdi broman, gehiegi sakondu gabe.

Harremanak eraikitzeko, barra barruan edo kanpoan egotea nahiago?

Kanpoan, eta jende gaztearekin.

Ligoteo sanoak edo baboseoak, zer ikusten dituzu gehiago?

Sanoak, dudarik gabe, eta hobe horrela.

Zein da harreman osasuntsu baterako koktelik onena?

Elkar entzutea eta errespetatzea, desadostasunak barne.

Zer behar da bezeroa ondo zaintzeko?

Irribarrez hartzea, eta zerbait kontatu nahi badu, entzule ona izatea.

Zer jarriko zenuke laratz batetik zintzilik su gainean erretzen?

Pentsamendu txar guztiak.

Zerekin mozkortuko zinateke gustura?

Maitasun pila batekin.

Maitasuna, txupito gogorretan edo xuabe-xuabe poteoan?

Gaztetan, txupito gogorretan, baina, orain, xuabe-xuabe.

Goiza ala gaua?

Gaua, emozio gehiago du eta.

Edari inspiragarri bat aukeratzekotan, zein?

Garagardo eder bat.

Izotza urtzeko moduko plan bat?

Mendi gailur batean izarrak ikusten egotea.

Xarma berezia duen leku bat?

Edozein hondartza ertz.

Ba al duzu Laratzen bizitako pasadizoren bat?

Lagun artean, festa giroan, askotan abesten aritzen gara.