"Ekonomia sozial eta eraldatzailearen bueltan" dabiltzan zenbait enpresek, elkartek, erakundek eta kooperatibek osatzen dute Olatukoop sarea, eta aurten Azpeitia aukeratu dute urtero egin ohi duten topaketa egiteko. Saretze Eguna ekainaren 9an iritsiko da herrira, eta Sanagustin kulturgunean egingo dituzte prestatutako ekintzak. Interesa duen orok har dezake parte bertan. Izan ere, sustatzaileen hitzetan Saretze Eguna "aukera ezin hobea" izango da eragileek eta kooperatibek elkar ezagutzeko.
Goizetik eguerdira bitarteko jardunaldia prestatu dute, eta 10:00etan hasiko da, harrerarekin. Ondoren, 11:00etan mahai inguruei ekingo diote. Ekintzailetza sozial kooperatiboaz hitz egingo dute, baita La burbuja del emprendimiento y la atomización de la clase trabajadora (Jose Manuel Martinez Bedia) liburuaz ere. 12:00etan proiektuen inguruan hitz egiteko unea izango da. Urola Kostako hainbat egitasmoren sustatzaileek beren berri emango dute, tartean dira Azpeitiko Elikagunea eta Zarauzko Lakari. Haien esperientziak ezagututa itxiko dute jardunaldiaren alde teorikoa, aisiari lekukoa pasatzeko. 13:00etan barretartia eta bermut kooperatiboa egingo dituzte, eta ondoren bazkaria izango da Sanagustinen bertan.
Jardunaldietan parte hartu nahi dutene, hemen egin dezateke izen-ematea.
Beren proiektuak aurrera atera eta kooperatiba munduan sartu nahi dutenei laguntzeko sortu zuten Olatukoop sarea 2014. urtean. Gaur egun, sarearen xedea da "kideen arteko elkartasuna, jendartearen ongizatea, eta beren jarduera ekonomikoak ondare komunari ekarpen bat egitea".