Esentzia galdu gabe

Uztarria.eus 2018ko mai. 30a, 17:07
Ezkerretik eskuinera, Axentxio Areizaga, Joxe Mari Gorrotxategi eta Joxe Antonio Salegi, Azketako iturrian.

Mendiko ikurrek zein hildakoen omenez jarritakoek "hautsak harrotu" dituzte. Guztiek gauza bera nahi dute: mendiaren irudia "errespetatzea". Maiatzeko Uztarria aldizkarian dator Ainitze Agirrezabala kazetariak idatzitako honako erreportaje hau.

Senideren edo gertukoren baten heriotzaren unean, askorentzat ez dira izaten hilerriak lur emateko leku aproposenak. Gero eta gehiagok aukeratzen dute mendia edo itsasoa joan direnen errautsak zabaltzeko eta betiko atsedenerako leku gisa. Era berean, urteetan indar handia hartuz joan den ohitura izan da hildakoei eskainitako oroigarriak eta gurutzeak inguruko mendietan jartzea. Leku gehienetan arautu gabeko arazoa da ingurune naturaletan ikurrak ezartzearen usadioa, eta zenbait menditan izugarri daude; hilerri itxura hartzeraino.

Hernioko gurutze festa, esaterako, "gehiegikeria bat" zen Lagun Onak Mendi Bazkunako lehendakari Aitor Unanueren esanetan, eta mendietan ikurrak jartzearen aferak "nahikoa zeresan sortu" du. Duela bost urte, 30 gurutzetik gora zeuden Hernion, eta han lurrak dituzten zortzi herritako udal ordezkariek eta Erniozaleen elkarteko kideek erabaki zuten hildakoak oroitzeko oroigarriak galaraztea eta ordura arte jarritakoak kentzea. Unanueren aburuz, "errautsak zabaltzeak ez" bezala, bestelako oroigarriak ezartzeak "kalte bisuala" eragiten du, eta gaineratu du elkartearen filosofia dela mendiak "garbi" mantentzea: "Ikurrei dagokienez, lehen daudenak errespetatzen ditugu, baina ez gara oroigarri berriak jartzearen aldekoak".

Izarraitz hizpide, lehendakariak adierazi du 1992an, hiru azpeitiar hil zirela bi asteren barruan, eta ikurrak gehitzeko "kezka nagusitu" zela elkartean. Epe luzera, oroigarrien afera "arazo" bihur zitekeela jabetu ondoren, garai hartako udal gobernuak eta Lagun Onak Mendi Bazkunak adostu zuten Xoxote gailurretik gertu harri bat jartzea, "mendian bizia utzi zuten azpeitiarren omenez".

Nepalgo banderatxoak, Hernion

Duela bost urte, Benantxio Irureta mendizalea hil zen istripuz Aneton, eta haren errautsak Hernion zabaldu zituzten senideek, "Benantxiok bizitzan gehien bisitatu zuen mendian". Iruretaren arreba Milaren esanetan, mendian gurutzeak eta plakak jartzearen "zalea ez" zen anaia. "Lehendik zeudenak errespetatzen zituen, baina mendia garbi mantentzearen aldekoa zen. Egia esan, ez zitzaigun burutik pasatu ere egin anaiaren omenez ikurren bat jartzea". Alabaina, anaia galdu eta urtebetera, Mila ez zen esku hutsik joan Herniora: "Nepalera sarri joan zen Benantxio, eta espedizio aurretik mendiari baimena eta jainkoari babesa eskatzeko koloretako banderatxoak zabaltzeko ohitura dute han. Bidaiero ekartzen zituen anaiak banderatxoak. Agian, ez dira guztien gustuko izango, baina sentipena dut bere omenez Hernion zintzilikatu ditugun apaingarriek poz emango lioketela".

Mendian "egun zoriontsu asko" igaro arren, "une garratzak" bizitzea ere egokitu zitzaion Benantxio Iruretari. 2001ean, Pumori gailurra egin nahian zebiltzala, Beñat Arrue azpeitiarra eta Iñaki Aiertza aizarnazabaldarra —beste hiru nafarrekin— hil ziren. Mila Iruretak kontatu du Pumorin bizia galdutako bost lagunen izenak zizelkatuta dituen "harri txiki" bat jarri zuela Benantxiok Txindokin. "Haitzarte batean dago, erdi ezkutuan, eta anaiaren aburuz, ez du mendiaren edertasuna hausten edo kutsatzen". Benantxio Iruretaren omenez, haren motxila "kutunena" irudikatzen duen harrizko eskultura "txiki bat" jarri zuten mendizale zenaren hainbat lagunek, Aneton. "Morrena batean kamuflatuta dago –dio Mila Iruretak–, eta aurkitzeko beharrezkoa da koordenatu geografikoa jakitea. Halere, ez dugu uste halako oroigarriek kalte bisualik eragiten dutenik".

Sinbolo zaharrei "errespetua"

"Zenbat buru, hainbat aburu", dio esaerak, eta Joxe Antonio Salegi eta Joxe Mari Gorrotxategi Izarraizko baserritarrek eskatzen dutena da mendian dauden irudi eta sinbolo zaharrak "errespetatzea". Izan ere, 2014ko maiatzean, Xoxoteko gurutzea desagertu zen; Urte Zahar egunean, berriz, Erlokoa; eta 2016ko azaroan, Azketako iturriko Jesusen Bihotzaren irudia kendu zuten. Salegik eta Gorrotxategik azaldu dutenez, "betidanik ezagutu" dituzte ikur horiek mendian, eta haiek kentzeak "herritar asko mindu" du. Gorrotxategik dio mendizale asko "arduratu" dela horiek zaintzeaz urte luzez, Joxe Urbieta Takolo esaterako, eta, beraz, "errespetua eskatzen" dute. Era berean, Salegik gaineratu du mendian jendeak "nahieran" gurutzeak eta plakak jartzea "begi onez ez" duela ikusten, eta "erregulatu beharreko kontua" dela, Hernioko "desmasia" ez gertatzeko.

Hiru sinbolo zaharren desagerpenen aurrean, ordea, Gorrotxategik adierazi du "Udalari gurutzeak berriz jartzea eskatzeko" sinadura bilketa egin zutela: "Udalak, ordea, ez zigun erantzun garbirik eman, eta azkenean, geu arduratu ginen Olalde errementariarekin hitz egin eta bi gurutzeak jartzeaz. 1.400 euro kostatu zitzaizkigun bi ikurrak, eta Udalari eman genion faktura". Azketako iturritik desagertu zen irudiaren kasuan ere, "Udalaren eskumena" izanik, hari eskatu zioten beste bat jartzeko. Baserritarrak, ordea, kexu dira, Udalak ez duelako "ezer" jarri: "Garbi duguna da gurutzeekin hartu genuen lana eta ardura ez ditugula hartuko beste behin".