Udalak 129 etxebizitza babestu eta tasatu eraikiko ditu Esklabetako eraikinaren atzean

Uztarria.eus | Hirigintza | Artikulua
2018-05-30 14:52

129 etxebizitza sozial eraikiko ditu erakundeak Esklabak-Iturtzulo eremuan; 68 babes ofizialekoak izango dira, eta 61 udal sustapenekoak. Herritarrek astelehenetik uztailaren 13ra izango dute etxebizitzetan izena emateko aukera. Astelehenean, informazio bilera egingo du udalak, 19:00etan, Betharramen.

Esklabetako eraikinaren atzean egingo dituzte etxebizitza sozialak. (Ane Olaizola)  Ikusi haundiago | Argazki originala

"Herritarren etxebizitzarako eskubidea bermatzeko eta etxebizitza premiari erantzunteko" asmoz Azpeitiko Udalak arlo horretan egin dituen azken urratsen berri eman dute gaur Josu Labaka, Leire Goenaga eta Aitor Bereziartua zinegotziek: Esklabak-Iturtzulo eremuan, Esklabetako eraikinaren atzealdean, 129 etxebizitza sozial eraikiko dituzte; horietatik 68 babes ofizialekoak izango dira, eta gainontzeko 61ak udal sustapenekoak.

Logela bat eta hiru arteko etxebizitzak izango dira eraikiko dituztenak, eta bi fasetan esleituko dituzte. Lehenengo fasean, 29 etxebizitza babestu eta 33 tasatu salduko dituzte, eta bi etxebizitza moten prozesuak paraleloki egingo dituzte. Etxebizitza babestuen prezioei dagokienez, etxebizitza arruntak 108.000 eurotik 162.000 eurora (BEZ gabe) artean erosi ahal izango dira, eta bereziak, 162.000 euro eta 203.000 euro (BEZ gabe) artean. Udal sustapeneko etxebizitzei dagokienez, berriz, arruntak 159.000 euro eta 221.000 euro (BEZ gabe) artean salduko dituzte, eta behar bereziak dituztenentzako etxebizitza egokituak 223.000 euro eta 229.000 (BEZ gabe) euro artean eskuratu ahal izango dira.

Etxebizitzak erosi ahal izateko baldintzak honako hauek dira: babestuen kasuan, izena ematen duenak ezin du etxerik izan jabetzan, eta azken hamabost urteetan sei urtez edo azken bi urteetan jarraian Azpeitian erroldatuta egon beharko du. Herritar horien diru sarrerek, berriz, 9.000 euro eta 39.000 euro artekoak izan beharko dute, iazko errenta aitorpena kontuan hartuta. Gainera, Etxebiden izena emanda egon beharko dute.

Udal sustapenekoei dagokienez, 25.000 euro eta 50.000 euro arteko sarrerak eduki beharko dituzte herritarrek. Horrez gain, azken bost urteetan hiru urtez edo azken hamabost urteetan bost urtez Azpeitian erroldatuta egotea edo azken hamar urteetan Azpeitian lana egin beharko dute eskatzaileek. Horiek uztailaren 13rako erregistratu beharko dute eskaera, udaletxean.

Etxebizitzen eta prozesuaren xehetasun guztiak azaltzeko batzarra egingo du udalak astelehenean (ekainak 4). Udal ordezkariak Betharrametako eraikinean dagoen erakusketa aretoan elkartuko dira herritarrekin, 19:00etan, eta proiektua aurkezteaz gain, herritarrek izan ditzaketen zalantzak argituko dituzte. Era berean, asteartetik ekainaren 22ra bitartean, aretoa irekita egongo da egunero, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara bitartean, eta han ere informazioa emango diete interesa dutenei.

Udala etxebizitzen exekuzio fasean sartuko da laster, eta herritarrek datorren astelehenetik uztailaren 13ra bitartean izango dute izena emateko aukera, udaletxean. Lehenengo faseko etxebizitzen zozketa urtearen amaieran edo 2019aren hasieran egingo dute, eta aurreneko faseak zuzenean eragingo du bigarrengoaren esleipenean. Izan ere, "herritarrek ezarriko dute etxebizitzen faseen erritmoa", Labakaren arabera. "Lehen fasean ikusiko dugu herritarrek zer eskatzen duten, eta beharraren arabera, azkarrago edo makalago joango da prozesua".

Goenagaren esanetan, azken urteetan etxebizitzaren alorrean hainbat pauso eman du udalak, "herritar guztiek etxebizitza duina izateko duten eskubidea bermatzeko asmoz"; besteak beste, etxebizitzen alokairua ordaintzeko diru laguntzak, etxebizitza hutsen gaineko zergaren gainkarga, Esklabetan gazteei zuzendutako alokairu sozialeko 45 etxebizitza eraikitzeko proiektua eta Alde Zaharrean hainbat etxebizitza erosi izana jarri ditu adibidetzat. Gainera, gogoratu du udalak etxebizitza beharren inguruko azterketa egin zuela iaz. Ikerketaren emaitzei dagokienez, zinegotziak esan du herrian 225 etxebizitzaren premia dagoela eta 110 familiak etxebizitzaz aldatzeko beharra dutela. Hain zuzen ere, azterketa hori oinarri hartuta egingo dituzte etxebizitza sozialak Esklaben atzean. "Orain arteko ibilbideari jarraituz eraikiko dira etxebizitzak, eta arlo horretako planari osotasun bat emango diote horiek". Goenagaren iritziz, "une egokia" da etxebizitza horiek egiteko, besteak beste, Azpeitiko langabezia tasa %8 baino txikiagoa delako eta udalaren egoera ekonomikoa "ona" delako. "Beraz, eskaera ez ezik, badaude bermeak halako proiektu sendo bat aurrera eramateko".

Bidali:  

Erantzunak

Erabiltzailearen aurpegia hauhalaxedek | 2018-05-30 : 21:33

Hori hori... Segi gaztiek herritik ateratzen!!..zertako alde zarrin dauden etxe huts guztiak?

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa