Ander Agirrezabalaga: "Harro sentitzen naiz orain arte lortu dudanarekin"

Uztarria.eus 2018ko mai. 29a, 20:14
Ander Agirrezabalaga Amazonen bulegoan, lanean.

Amazonek Pragan duen egoitzan egiten du lan azpeitiarrak. Profesionalki nahiz pertsonalki "hazten" lagundu dion esperientzia ari da bizitzen. Uztarria aldizkariaren 205. zenbakirako Elena Margüello kazetariak egindako elkarrizketa da honakoa.

Zer dela-eta zaude Pragan?
Pragan baino lehen Maltan bizi izan nintzen. Banekien Global Training izeneko programa bat zegoela, eta 2016ko udan bertan parte hartzea erabaki nuen. Curriculuma bidali nuen, eta azterketa batzuk egin ostean, bi aukera eman zizkidaten: Eskozia edo Praga. Azken hori aukeratu nuen, eta bertako enpresa txiki batean praktikak egin nituen sei hilabetez.

Orain Amazonen egiten duzu lan. Zein da zure egitekoa?
Pisukide batek Amazoneko giza baliabideen kudeaketan egiten zuen lan, eta praktikak egiten ari nintzen bitartean nire buruari bertan lan egiteko helburua jarri nion. Orain, Britainia Handiko langileen lan absentzia kontrolatzen dugu taldekook. Langileen jarraipena egiten dugu, eta absentzia motaren arabera, erabaki eta neurri desberdinak hartzen ditugu.

Ondo egokitu al zara euskara ez den beste hizkuntza batean hitz egitera?
Bai. Ingelesez aritzen naiz. Maltan nengoela ikasi nuen ingelesarekin eroso sentitzen. Italiera ikasten ere hasi naiz, eta urrian frantsesa ikasten hasteko asmoa dut.

Zerekin egin duzu topo Pragan?
Profesionalki, etorkizunerako ditudan planak betetzeko bultzada emango didan enpresa bat topatu dut. Harro sentitzen naiz orain arte lortu dudanarekin. Izan ere, profesionalki egin dudan bideak pertsonalki hazten lagundu dit.

Nolakoa da hango jendea?
Neguan hotz handia egiten du, eta jendea ere eguraldia bezalakoa da, hotza. Hala ere, askotariko pertsonak aurkitzen ari naiz, eta hiriburua oso polita da.

Zer gustatu zaizu gehien?
Jende asko ari naiz ezagutzen, eta asko gustatzen zait horiekin esperientziak partekatzea; gustura entzuten ditut besteen bizipenak. Bestalde, egunerokoan ingelesez hitz egin ahal izatea ere asko gustatzen zait.

Azpeititik zer sumatzen duzu faltan?
Familia eta lagunak. Hala ere, niretzat garran-tzitsua den jendearekin kontaktuan nago beti. Euskal Herrian dugun janaria eta itsasoa ikustea eta usaintzea ere faltan sumatzen ditut. Baina jada ohitu naiz.