Prekarietatea salatzeko, bi orduko lanuztea eta elkarretaratzea deitu ditu LABek asteazkenerako

Uztarria.eus 2018ko mai. 28a, 16:40

Elkarretaratzea Estatalizazioa=prekarizazioa. Lan marko propioaren alde lelopean egingo dute, 12:45etik 13:15era, kiroldegiaren ondoko biribilgunean. LABek azaldu duenez, sindikalismoak "erronka garrantitsua" du prekarietateari eta pobrezia egoerari kalean erantzuna emateko, eta horregatik deitu ditu mobilizazioak.

Prekarietatea salatzeko bi orduko lanuzteak deitu ditu Urola Kostako LABek asteazkenerako, maiatzaren 30erako. Herriz herri elkarretaratzeak deitu ditu sindikatuak 12:45etik 13:15era, eta Azpeitiko kontzentrazioa kiroldegiaren ondoko biribilgunean egingo dute Estatalizazioa=prekarizazioa. Lan marko propioaren alde lelopean.

LABek azaldu duenez, sindikalismoak "erronka garrantzitsua" du prekarietateari eta pobrezia egoerari kalean erantzuna emateko, eta horregatik deitu ditu mobilizazioak. "Argi dugu Euskal Herrian aldaketa sozialaren alde dagoela gehiengo handi bat, eta kalean ari gara hori aldarrikatzen; emakumeak, pentsiodunak, lan gatazkak dituzten enpresetako langileak eta Maiatzaren Lehenean kalera irtendako herritarrak dira horren adibide garbia". Orain, baina, Lan Harremanetarako Euskal Esparruaren alde eta estatalizazioaren nahiz prekarietatearen aurka dauden pertsonak mobilizatzea nahi du sindikatuak, eta horretarako egin du biharko deialdia.

Prekarietatea eguneroko kontua dela azaldu du sindikatuak, eta salatu du estatalizazioaren bidez "prekarietatea geldiarazteko bideak mugatu" nahi dizkietela. "Estatalizazioa euskal langileoi estatu mailako lan baldintzak aplikatzeko estrategia da, bai eremu pribatuan, baita langile publikoei dagokienez ere. Gure lan hitzarmenek arautzen dituzten lan baldintzak ez betetzeko eta merkeagoak eta okerragoak diren baldintzak inposatzeko estatu estrategia da". LABen arabera, langileen kontura patronalaren etekinak biderkatzen jarraitu nahi dute eta Madilgo sindikatuen eta indar korrelazioen araberako baldintzak inposatu nahi dituzte, euskal langileei erabakitzeko eskubidea ukatuta.

Sindikatuak ohartarazi du estatalizazio eta prekarizazio prozesuaren menpe jarraituko dutela, lan eremuan burujabetza eskuratzen ez badute. Horregatik, LABek argi du Euskal Herrian hartu behar direla lan eta bizi baldintzen inguruko erabakiak. Eta, horretarako, lantokiz lantoki, prekarietatearen aurkako eta lan baldintza duinen aldeko borrokak antolatu behar direla esan du.

Horrenbestez, estatalizazioaren kontra egiteko eta lan baldintzak Euskal Herrian arautzeko eskubidea aldarrikatzeko atnolatutako mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du LABek.