Basilio Urbistondo gudaria hil da, 100 urte zituela

Uztarria.eus 2018ko mai. 28a, 11:37
Urbistondo, 2015ean, udalaren omenaldian.

36ko gerran, Errepublikaren alde borrokatu zuen urrestildarrak Eusko Gudarosteko San Andres batailoian, eta hainbat hilabetez preso izan zuten Espainian. Gaur izango da haren aldeko hileta elizkizuna, Urrestillan. 

Basilio Urbistondo gudari urrestildarra hil zen atzo, 100 urte zituela. 36ko gerran, Eusko Gudarosteko San Andres batailoian Errepublikaren alde borrokatu zuen Urbistondok, bere hiru anaiarekin batera. Gerra hastearekin batera egin zuen alde Urrestillatik. Lehenengo Zumaiara joan zen, eta gero Ondarroara. Kantabrian, preso hartu zuten, eta Santanderren, Miranda de Ebron eta Zaragozan gatibu izan zuten hamaika hilabetez. Afrikan ere izan zuten langile batailoian, Azpeitira itzultzeko aukera izan zuen arte. 

Iaz bete zituen Urbistondok 100 urte, eta 2015ean, udalaren omenaldia jaso zuen urrestildarrak. Era berean, haren bizitzako hainbat pasarte jasota daude Ahotsak.eus webgunean, helbide honetan

Urbistondoren aldeko hileta elizkizuna gaur, astelehena, egingo dute Urrestillako Jaunaren Gizakundearen elizan, 19:00etan hasita.