Azken txanpan da Market 8 azoka

Uztarria.eus 2018ko mai. 27a, 15:26

Asteburuan, modak, gastronomiak eta kulturak bat egin dute Burdinbidearen Euskal Museoan, Market 8 azokak hango azpiegiturak hartu baititu. Azokaren lehenengo edizioan, artisautzak izan du protagonismo berezia, baina, hortaz haratago, askotariko produktuak ikusi daitezke museoan zehar; hala nola, janari postuen eta food track-en, arropen, osagarrien eta bitxien ia 30 postu jarri dituzte han-hemenka. Era berean, beste hainbat ekintza ere egin dute azoka zabaldu dutenetik: besteak beste, gosari osasungarrien tailerrak, kodedama teknikaren erakustaldia, tren irteerak eta musika emanaldiak izan dira.

Atzo goizean zabaldu zituen ateak Market 8 azokak, eta gaur arratsaldera arte iraungo du. Gainera, postuek ez ezik, honako ekintza hauek osatuko dute arratsaldeko egitaraua: 16:00etan, String Arte teknika erakutsiko du Harriharik, eta 17:00etan, Lasaoko geltokira joan-etorria egingo dute lurrun trenean. 17:30ean, berriz, Iago Magoren emanaldia izango da. 19:30ean itxiko dute azoka, eta sarrera euro bat ordaindu behar da.