Azpeitia eta Hazparneren senidetze jaia ari dira ospatzen herrian

Uztarria.eus 2018ko mai. 26a, 16:42

Hazparnerekin duela 31 urte egindako senidetza ospatzen ari dira gaur Azpeitian. Eguraldi kaskarrari aurre eginez egin dituzte goizeko ekitaldi nagusiak, baina euriak ez du zapuztu festa. "Gaur ikusi ez dugun eguzkia daramagu gordeta bihotzean bi herriok", esan du Hazparneko alkate Beñat Intxauspek Zelai Luze ondoan egin duten ekitaldian.

Hazparneko udal hautetsiak zein dozenaka herritar etorri dira gaur Azpeitira, eta herriko udal ordezkariekin eta bertako herritarrekin ari dira ospatzen senidetze jaia. Iaz, 30 urte bete ziren bi herriak senidetu zirela, eta hori ospatzeko jaia egin zuten irailean Lapurdiko herrian. Orduan egin zuten bezala, Azpeitian ere hamaika ekintza ari dira egiten senidetza ospatzeko: bi herrietako ttuntturroen kalejirak eman dio hasiera egunari, eta udal musika bandaren laguntzarekin, Zelai Luzera joan dira guztiak. Han, bi abesti kantatu ostean, aurrez landatutako zuhaitza eta haren ondoan jarri duten plaka aurkeztu dute. Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak azpimarratu du orain arteko lanaren aitortza dela gaurko eguna, eta aurrera begira, bi herriek bide horretan jarraitu dezatela aldarrikatu du. Bide beretik hitz egin du Hazparneko alkateak, eta "oso pozik" agertu da Azpeitia eta Hazparneren senidetzarekin eta horrek eman dituen fruituekin.

Ekitaldiaren ondoren, udaletxera joan dira guztiak, eta han senidetzearen hitzarmena berritu dute bi alkateek. Era berean, Azpeitiko Udalaren oroigarri bana jaso dute Intxauspek eta Daniel Camblongek, parezkatzearen gidari izan zenak.

Goizeko ekitaldiak amaituta, bazkariaren txanda izan da Azoka Plazan, eta arratsaldean, kantu eta musika emanaldiarekin jarraituko dute ospakizunetan.