Hasi dira Lagun Onak Eguna ospatzen

Uztarria.eus 2018ko mai. 26a, 14:26

Kirola eta festa giroa eskutik direla hasi dira ospatzen Garmendipen aurtengo Lagun Onak Eguna. 2007., 2008. eta 2009. urteetan jaiotako futbol eskolako neska-mutilen arteko partidak izan dira iluntzera arte luzatuko den egunaren lehen hitzorduak. Futbolari gaztetxoenek Garmendipeko zelai nagusiko belar gainean aritzeko aukera izan dute, euripean. Hain zuzen ere, euriak eraginda, zelai artifizialean jartzekoak ziren puzgarrietatik bakarra montatu ahal izan dute.

Goizeko zitarik bereziena 11:30ean iritsi da, Lagun Onakek Ilunpe pilota elkartekoei eskaini dien omenaldiarekin. Futbol eskolakoek osatutako pasilloaren erditik atera dira zelaira Ilunperen ordezkariak, Xabier Aldalur eta Iker Arakistain zuzendaritzakoak, eta Gorka Iriarte pilotaria. Atzo Tolosa kanporatu eta Gipuzkoako Herriartekoaren final laurdenetara sailkatu ondoren, Lagun Onakekoen esker ona jasotzea tokatu zaie gaur, hain justu, azken urteetan Herriartekoetan erakutsi duten maila bikainarengatik. Iñigo Arregi Lagun Onakeko presidenteak eman die oroigarria.

Omenaldi ekitaldi laburraren ondoren, gaztetxoen txanda iritsi da berriro, haientzat prestatutako jolasekin. 14:00etan Kiruri jatetxean elkartuko dira Lagun Onakekoak, denboraldi amaierako bazkariaz gozatzera eta 2017-2018 sasoian gehien nabarmendu diren klubeko jokalariak saritzera. 19:00etatik aurrera, berriz, Eonien elektrotxarangoek luzatuko dute festa Alde Zaharreko kaleetan.