Nagusitasun osoz sailkatu da Azpeitia eskuzko Herriarteko Txapelketako final laurdenetara

Uztarria.eus 2018ko mai. 26a, 11:43
Atzo Frontoi Txikian jokatu ziren partidetako irudia. (Julene Frantzesena)

Atzo jokatu zituzten final zortzirenetako itzulerako partidak jendez leporaino bete zen Frontoi Txikian. Hiru partidak alde nabarmenez irabazi ztiuzten azpeitiarrek. Final laurdenetan Asteasuko edo Astigarragako pilotariak izango dituzte aurrez aurre Azpeitikoek. Joaneko partidak datorren ostiralean izango dira Frontoi Txikian. Gomazko Pala Txapelketako lehian bizirik jarraitzen dute Azpeitiko kirolariek; atzo Andoainen 1-2 galduta, datorren asteburuan izango dute emaitzari buelta eman eta finalerdietara sailkatzeko aukera.

Atzo, ostirala, jokatu zituzten Ilunpeko pilotariek eskuzko Herriarteko Pilota Txapelketako final zortzirenetako itzulerako partidak, eta nagusitasun osoz lortu zuten final laurdenetarako txartela; izan ere, Tolosaren aurkako hirutik hiru partida irabazi zituzten Azpeitiko pilotariek, jendez leporaino bete zen Frontoi Txikian.

Lehen partida, kadete mailakoa, erraz irabazi zuten Unai Alberdik eta Jakes Elosegik; zpeitiarrek 9 eta 22 irabazi zuten neurketa. Gorka Iriarte eta Julen Egiguren jubenilek ere aise lortu zuten garaipena, 6 eta 22 bukatu baitzen partida. Hirugarren partida, seniorrena, parekatuagoa izan zen hasieran, baina laster lortu zuten Jon Alberdik eta Daniel Murgiondok partida norabide onean jartzea, eta 14 eta 22 irabazi zuten norgehiagoka.

Horrenbestez, hilaren 20an Tolosako Beotibar pilotalekuan jokatutako joanekoan lortutako hiru eta hutsekoa berretsi zuten atzokoan, eta final laurdenetan izango dira Azpeitiko pilotariak. Asteasu eso Astigarraga izango dute hurrengo fasean aurrez aurre. Joaneko partidak datorren ostiralean izango dira, Frontoi Txikian. Eta itzulerakoak Asteasun jokatuko dituzte ekaineko bigarren astean.

Esku pilotakoak ez ziren izan atzo Azpeitiko pilotariek jokatutako partida bakarrak; izan ere, Gipuzkoako Herriarteko I. Gomazko Paleta Txapelketako neurketak ere atzo jokatu zituzten. Andoainen jokatu zituzten palistek final laurdenetako joaneko partidak, eta 1-2 galduta itzuli ziren azpeitiarrak etxera. Urtzi Lopetegik 20-16 galdu zuen bakarkako partida; Eneko Martijak eta Oier Alkortak 20 eta 12 irabazi zuten binakakoa; eta zazpi koadroren barruko partida 20-12 galdu zuen Asier Egigurenek. 

Beraz, datorren astean etxean jokatuko dituzten partidetan izango dute kanporaketari buelta emateko aukera Azpeitiko palistek. Hain zuzen ere, Andoain mendean hartzen badute, finalerdietara sailkatuko dira.

Iaz seigarren aldiz irabazi zuen Azpeitiak Gipuzkoako Eskuzko Herriarteko Txapelketa, Oiartzuni hirutik hiru partida irabazita. 2004an, 2008an2010ean2015ean2016an eta 2017an jantzi du Azpeitiak Herriartekoaren txapela. Horrez gain, 2008an eta 2015ean eta 2017an Euskal Herriko Herriarteko Txapelketa ere irabazi zuten Azpeitiko pilotariek.