Herritarren denboraren erabilera neurtzeko inkestak banatuko dituzte datorren astean

Uztarria.eus 2018ko mai. 25a, 15:20
Proiektuan parte hartzen ari diren eragileetako hainbat lagun elkartu ziren udaletxean atzoko agerraldirako.

Etxez etxe banatuko ditu Udalak, etxebizitza bakoitzeko bat; gehiago nahi dituztenek, gaztelaniaz nahi dituztenek bezala, udaletxean eskura ditzakete. Betetako inkestak jasotzeko buzoiak jarriko dituzte ohiko tokietan. Internet bidez betetzeko aukera ere eskainiko dute, Udalaren webgunean. Ekainaren bukaera arte jasoko dituzte inkestak.

Martxoan iragarri zuen Udalak azpeitiarren denboraren erabilera aztertzeko egitasmoa martxan jarriko zuela. Lehen fasean herriko hainbat eragilerekin elkartu dira, proiektuaren berri emateko eta gairen gaineko sentsibilizazio lana egiteko. Orain, bigarren faseari ekingo diote, eta 16 urtetik gorako herritar guztiek izango dute bertan parte hartzeko aukera.

Izan ere, datorren astean banatuko dituzte etxez etxe denboraren erabilera aztertzeko baliagarri izatea helburu duten inkestak. Etxez etxe banatuko ditu Udalak, etxebizitza bakoitzeko bat; gehiago nahi dituztenek, gaztelaniaz nahi dituztenek bezala, udaletxean eskura ditzakete. Betetako inkestak jasotzeko buzoiak jarriko dituzte ohiko tokietan; aurrekontuak osatzerakoan Denon Artean prozesu parte-hartzailerako erabiltzen dituzten postontziak erabiliko dituzte. Internet bidez betetzeko aukera ere eskainiko dute, Udalaren webgunean. Gutxi gorabehera hilabeteko epea jarri dute inkestak jasotzeko: ekainaren bukaera arte jasoko dituzte.

Inkesta nola bete

Leire Etxaniz Parekidetasun batzordeburuak eta azterketa egiten ari den Elhuyar aholkularitzako Naiara Arrik eman zituzten atzo hastear den fase berriaren xehetasunak.

Inkesta betetzeko jarraibideak azaldu zituen Arrik. Etxeetara bidaliko duten orrian egutegiak hartzen du toki handiena. "Proposamena da, galdetegia betetzen dugun aurreko egunean egindako jarduera nagusiekin betetzea", zehaztu zuen Arrik. Horrela, inkesta betetzen dutenek betetzen ari diren eguneko bezperako eguna markatu beharko dute egutegian.

Hogeita lau orduko jarduera jasotzea da helburua. Ordu erdiko tartearekin banatuta datoz galdetegi guztietan egun oso bati dagozkion ordu guztiak. Tarte bakoitzean "zertan ari ginen idatzi beharko dugu. Kasu batzuetan, gauza bat baino gehiago izan daiteke, aldi berean jarduera bat baino gehiago izan dezakegulako. Adibidez, kotxea gidatzen ari garela irratia ere entzun dezakegu; edo zaintza lanetan ari garen bitartean, kozinatu". Lanean edo lo emandako orduen kasuan, ez dago ordu erdiro jarduera bera errepikatu beharrik, "komatxoak erabiltzea nahikoa" izango da kasu horietan.

Unean uneko jardueraz gain, ordu jakin batean non gauden zehazteko ere eskatzen du galdetegiak. "Kasu horretan, orokorrak izan behar dira erantzunak: etxean, kalean, lanean, kotxean...". Galdetegian zehaztu beharreko bestea da une edota jarduera bakoitzean norekin dagoen inkestatua, eta lau aukera ematen dituzte erantzuteko: "Bakarrik geunden, zaintzen dugun norbaitekin geunden, familiako kideekin geunden, edo beste ezagun batzuekin".

Egun oso bateko ordutegia osatzeaz gain, beste galdera batzuk ere erantzun behar dira inkestan. Zaintza arduraren bat dutenen kasuan, "ardura haina zutabe bete beharko ditugu", zehaztu zuen Arrik. Nolakoa izan zen atzoko eguna? galderari ere erantzun beharko diote inkesta betetzen dutenek. "Azkenik, lau esaldi egongo dira aukeran, eskala baten arabera, esaldi horietako bakoitzarekin zenbateraino identifikatzen garen erantzuteko".

Parte hartzeko deia

Martxan den proiektua "azpeitiarrok denbora nola erabiltzen dugun aztertzeko eta horren inguruan dugun pertzezpzioa ezagutzeko" dela gogorarazi zuen Etxanizek. Eskerrak eman zizkien azken asteetan proiektua aurkezteko bileretan parte hartu duten eragileei, "eskaini diguten denboragatik eta egin diguten harreragatik"; eta datorren astean banatuko duten galdetegia erantzutera animatu zituen herritar guztiak. "Galdetegia hausnartzeko tresna bat izatea nahi dugu. Zenbat eta lagun gehiagok parte hartu, jasoko dugun emaitza benetako errealitatetik gertuago egongo da. Eta errealitate horretatik abiatuta finkatu ditugu guk aurrera begirako lan ildoak", nabarmendu zuen zinegotziak.