Naroa Aranbarri: "Neskak makalagoak garela diote, baina niretzat disfrutatzea da garrantzitsuena"

Uztarria.eus 2018ko mai. 25a, 17:06
Naroa Aranbarri. (Maialen Etxaniz)

Igantzin (Nafarroa) jokatutako VIII. Xabi Telletxea bizikleta jaitsiera irabazi zuen joan zen astean Naroa Aranbarrik (Azpeitia, 2003) zegokion mailan. Nesken artean ohikoa ez den kirola bada ere, bere afizioa da, eta asko atsegin du. Gaztea bada ere, aurrera begira kirol hori praktikatzen jarraitzeko irrikaz dago Aranbarri. 

Nondik datorkizu afizioa?

Gazteagoa nintzela gogoan dut futbola gustatzen zitzaidala, eta horretan ibiltzen nintzela. Baina denborak aurrera egin ahala, lagun batzuk bizikletan ibiltzen zirela ikusi eta animatu egin nintzen. Sarritan joaten ginen bizikleta hartuta Goenara, jauziak egitera eta. Behin saltsa horretan murgilduta, beste lagun batzuk egin nituen, eta haiekin Arauntza aldera joaten hasi nintzen. Duela gutxi Beasaingo mutil bat ezagutu dut, eta hark ere bide berriak erakutsi dizkit. Dena den, betitik gustatu izan zait txirrindularitza, baina aitak esaten zidan txirrindularitzan ez sartzeko, kirol oso gogorra zela eta. Dena den, Iñigo Garcia izan da bizikleta jaitsieretara gehien animatu ninduena. 

Zertan datza kirolak?

Mendi bidetik aldapan behera jaistea da egiten duguna, saltoak eta zenbait oztopo igarota. Jendeak pentsatzen du ez dela kirol nekagarria, aldapan behera joaten garelako, baina sinetsi, nekagarria dela. Azken batean, bizikletaren kontrola zure esku dago, eta frenatzean eta alde batera edo bestera bira hartzean, indar asko egin behar da besoekin. 

Zein lekutan ibiltzen zala jauziak egiten? 

Nafarroa inguruan badira lekuak, Igantzin eta Irrisarriland esaterako. Markinan, Trapagaranen... Leku horietan ibilbideak prestatuta egoten dira, baina ez dira oso erakargarriak. Espainian, aldiz, badira pista askoz ere hobeak dituzten lekuak, jauzi handiagoekin eta, oro har, landuagoak. Oraindik ez naiz hara iritsi, baina ea udan aita engainatzerik dudan [barreak]. 

Entrenamendurik egiten al duzu?

Ez askorik. Tarteka, Aizpurutxora joaten naiz bizikletan. Hala ere, Arauntza aldera jotzen dut gehien. Asteburuetan, aldiz, beste zenbait lekutara ere mugitu izan naiz. Baserrian, esaterako, jauzi bat prestatu zidaten, eta han ibiltzen naiz praktikatzen; oso gustura, gainera. 

Bizikletan ibiltzea ez da oso ohikoa neska gazteen artean. Zer hausnarketa egiten duzu horren inguruan?

Egia esan, pena da aurkaririk ez izatea eta inguruan kirola praktikatzen duten emakumerik ez izatea. Hala ere, ez zait deserosoa egiten mutilekin batera ibiltzea. Gainera, babesa ere agertzen didate. Esaterako, azken lasterketan "Aupa neska!" eta horrelakoak entzuten nituen proban parte hartzen ari nintzen bitartean, eta hori ederra da. 

Zer da kirol horretatik gehien atsegin duzuna?

Betitik gustatu izan zait bizikleta, eta dibertigarria da oso. Erlaxatzen laguntzen dit, mundial pasatzen dut. Hasieran, errespetua ematen duen arren, gustua hartzen diozu, eta ederra da. Beste kirolari batzuek egiten dituzten jauziak ikustea ere mundiala da. 

Zer esango zenieke neskei kirolera animatzeko?

Ez dela ohiko kirola, baina ederra dela. Neskok makalago ibiltzen garela diote, baina niretzat disfrutatzea da garrantzitsuena.

Zein asmo dituzu aurrera begira? 

Urtebete da honetan hasi nintzela, eta oraindik ez naiz ona; asko daukat ikasteko. Baina nire nahia da kirol honetan hobetzea eta disfrutatzen jarraitzea. Euskadiko Open Txapelketako kadeteen lehian parte hatuko dut, ekainean.