Guztion borroka

Uztarria.eus 2018ko mai. 24a, 18:28
Elkarretaratze jendetsuak egin dituzte azken hilabeteetan pentsiodunek. Irudian, otsailaren 19koa.

Pentsiodunek mobilizazio eguna izango dute etzi, maiatzak 26. Hego Euskal Herriko lau hiribuetan deitu dituzte manifestazioak. Azpeititik Donostiakora joateko autobusa jarri dute; 16:00etan aterako da anbulatorio aurretik, 17:30ean Alderdi Ederren jarria duten hitzordura iristeko. Hilabeteak daramatzate Azpeitian ere pentsio duinen aldeko elkarretaratze jendetsuak egiten. Arrazoiak azaldu, eta gazteei eskua luzatu diete Azpeitiko Jubilatuen eta Pentsiodunen Plataformakoek, Mailo Oiarzabal kazetariak maiatzeko Uztarria aldizkarirako idatzitako erreportaje honetan.

"Landetatik etorri naiz, oinez. Eguraldiak ez du asko laguntzen, baina etorri beharra zegoen". Hala zioen 80tik gora urteko emakume batek, otsailaren 19 euritsu eta hotz petralean pentsio duinen aldeko elkarretaratzean parte hartu ondoren. Astelehen hartan 200dik gora lagun elkartu ziren herriko plazan. Ez zen aldarri berarekin Azpeitiko pentsiodunak kalera irteten ziren lehen aldia; harrezkero ere, ia astelehenero egin dituzte elkarretaratzeak, zein baino zein jendetsuagoak, eta jarraitzeko asmoa dute.

Horrela azaldu dute, behintzat, Azpeitiko Jubilatuen eta Pentsiodunen Plataformako kide Joxe Mari Iturriak (Errezil, 1945), Miren Odriozolak (Azpeitia, 1944), Arroxa Bordak (Azpeitia, 1945) eta Imanol Agirrek (Azpeitia, 1952). Plataforma hori sortu dute herriko mobilizazioak zuzentzeko, Espainiako Gobernuak aurten ere pentsioen igoera %0,25 izango zela erabaki ondoren Euskal Herrian eta Espainiako estatuan sortu diren protesta mugimenduen harira.

%0,25a baino gehiago

%0,25eko azken igoera hori izan da pentsiodunak sututa kalera bultzatu dituen txinparta, baina "ezinegona lehendik zetorrela" gogoratu du Odriozolak: "Gizarte Segurantzak lege bat zeukan, 8.a, eta dekretuz kendu zuten. Lege horrek esaten zuen KPIaren arabera igo behar zirela pentsioak urtero. 2014an, Espainiako Gobernuan PSOE zegoela, izoztu egin zituzten pentsioak, krisiarengatik. Harrezkero, PPrekin, bosgarren urtez %0,25 igo dituzte. Beraz, lehendik dator egonezina, jendea gaizki sentitzea. Esaten dute bost urte hauetan, gutxi gorabehera, KPIa ez igotzearekin-eta %6-7 galdu dugula". Lehendik zegoen ezinegon horri "iseka egin izanaren sentsazioa" gehitu zaiola uste du Agirrek aurtengo %0,25arekin, eta horregatik "jendearen erantzun hau, eztanda hau". Eta iseka sentsazioaren jatorria aletu du Iturriak: "Ari ziren esplikatzen krisiari buelta eman diogula, oso ondo goazela, Espainia berriro indartzen hasi zela, onenak zirela... Eta bitartean, pam, berriz %0,25arekin geratzen zarete zuek. Orduan, jendeak esaten du, 'niri adarra jotzen ari zaizkidak hauek'". Faktore gehiago ere aipatu ditu Odriozolak: "2000. urtera arte, pentsioen kutxan nahikoa diru zegoen. Gero, milioiak eta milioiak atera zituzten hortik bankuak erreskatatzeko eta ez dakit zertarako, eta hasi ziren esaten dirurik ez zegoela eta ez zegoela. Dagoen ustelkeriak ere, harrapatu dituzten milioiek eta milioiek... Horrek guztiak eragina izan duela uste dut, faktore askok egin dutela bat, eta %0,25arena summuma izan dela".

Baina Azpeitiko plataformakoek argi azaldu dute beren aldarrikapenak urtez urteko igoeren kopuruaz harago doazela. Pentsioen igoerak gutxienez KPIaren neurrikoak izatea eskatzen dute; are gehiago, Europako Gutun Sozialean aurreikusitakoa kontuan hartuta, gutxieneko pentsioen muga 1.080 eurotan kokatzea. Baina, batik bat, egungo zein etorkizuneko pentsio sistema "publikoa, duina eta justua" bermatuko duen eraldaketa aldarrikatzen dute; pentsio sistema propioa, egun Espainiako Gobernuak dituen eskumenak Hego Euskal Herrira ekarrita, eta politikoez gain, pentsiodunak ere beren pentsioen kudeaketan parte izatea.

Dirua eta borondate politikoa

Pentsioen kutxa hustuta, jakitun dira Azpeitiko plataformakoak lan munduaren egungo egoerarekin eta kotizazio baxuekin ezingo dela kutxa hori lehengoratu, baina irmo defendatzen dute badaudela pentsio publikoak bermatzeko formulak, eta horiek aztertzen hasi beharra dagoela. "Beste gauzetarako aurrekontuetatik jartzen da; ba pentsioen kasuan ere ikusi egin beharko da nola osatzen den. Europako herrialde askotan pentsioen zati bat gizarte segurantzatik eta beste bat aurrekontuetatik jartzen dute. Helburua da pentsioen sistema publiko on bat bermatzea", dio Odriozolak. "Eusko Jaurlaritzaren zerbitzu juridikoek aztertu dute, eta aukera eta formula ezberdinak daude bideragarri izateko. Dirua badago, falta zaiguna da borondate politikoa", gaineratu du Bordak.

Pentsioa legeek jasotako "eskubide bat dela, ez kapritxoa" gogoraraztea beharrezko ikusten dute. "Oraindik badago jendea ez dakiena eskubide bat dela, ez dela opari bat. Espainiako Konstituzioaren 50. artikuluan dator hori: pentsio duin bat, bai kotizatu dutenentzat, bai kotizatu ez dutenentzat, guztientzat", azpimarratu du Odriozolak. "Unean-unean egokitzen den gobernuaren esku egotea, eman ala ez eman... Haren limosna bat al da ba? Hari kapritxoa emandakoan eman, eta kapritxoa emandakoan kendu?", galdetu du Agirrek.

Behin eta berriz nabarmendu dute eskubide horren defentsa gizarte osoaren kontua dela.

Gazteei deia

Herriko jubilatuen erantzunarekin pozik daude. Orain arte antzeko edo bestelako mobilizazioetan inoiz parte hartu gabeko pertsona askok egin dute bat pentsio duinen aldarriekin. Mugimenduaren aniztasuna "oso garrantzitsua" dela uste dute platafornakoek.

Pentsioen aldeko borroka, baina, "denona" izan behar dela errepikatzen dute, etorkizunekoak ere jokoan daudelako. Gazteak eta egun lanean ari direnak mobilizatzea ezinbestekoa iruditzen zaie. Autokritikatik abiatu da Agirre: "Gutxiegi insistitu dugula uste dut geuk ere, gazteen etorkizunarekin edo etorkizuneko pentsioekin". Iturriak, berriz, borroka ezberdinak uztartzearen beharra azpimarratu du: "Borroka ez da bakarrik pentsioengatik egin behar. Langileak borrokatu beharra dauka soldata duinengatik; eta soldata duinak ezin dira 1.200 eurotik behera egon. Hortik behera ja pobrezia da. Langile batek lan egiten du, eta pobrea da; hori izan litekeen tristeena da. Beraz, kontzientzia hori piztu behar dugu gazteen eta lanean ari direnen artean: ez dela gure borroka bakarrik, denona dela". 'Gurea' esaten dutenean, jubilatuez bakarrik ez direla ari gehitu nahi du Bordak: "Jendeak pentsatzen du pentsioak ile zuriz betetako zahar-zaharren kontua direla, baina alarguna tokatu liteke, hiru umerekin, bihar. Eta hori ere bada guk defendatzen duguna".

Langileen eta pentsiodunen borroken bateragarritasuna irudikatzea eta indartzea izan da, hain zuzen ere, hilaren 4rako deitu zuten mobilizazioaren arrazoi nagusia. "Biktimismotik urruntzea nahi dugu. Ez da gaizki dauden aitona-amonei laguntzeagatik. Hori ere bada, noski, baina batik bat da justizia sozialagatik, eskubideen defentsagatik", berretsi du Agirrek. "Bai, ze batzuk esango dute: 'Nik dudan soldata baino pentsio hobea zeukak nire aitak', hori ere gertatzen ari delako. Baina  jendeak enplegu duinak izan ditzan ere ari gara gu borrokan", gaineratu du Odriozolak.

PPk aurten eta 2019an pentsio guztiak %1,6 igotzea onartu zuen apirilaren 25ean, EAJk proposatuta, jeltzaleek Espainiako aurrekontuen tramitazioak aurrera egitea baimentzearen truke. Horrek pentsiodunen mobilizazioetan zer eragin izango duen ikusteko dago, baina Azpeitian, behintzat, ez daude gelditzekotan. "Kalean zenbat eta jende gehiago egon, parlamentuetan horren arabera mugitzen dira", dio Bordak.

Emakumeak

Lan munduan soldata arrakalarekin bezala, pentsiodunen artean ere egoera okerrenean daudenen artean gehiengoa emakumeak dira.

Azpeitiko Udalak 80 urtetik gorako herritarren egoera ezagutzeko egindako azterketan, emakume alargunei zuten pentsioarekin nola moldatzen diren galdetuta, %45 ziren zailtasunen bat aipatzen zutenak: %55ek erantzun zuten ondo moldatzen zirela; %32,8k zailtasunak zituztela aitortu zuten; %8,2k, oso larri iristen zirela; eta %3,3k, ez zitzailea hilabetea osatzeko iristen.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako pentsiodunei dagokienez, berriz, %58k kobratzen dute hilean 1.100 euro baino gutxiago; kopuru horren azpitik kobratzen dutenen %70 emakumeak dira; eta emakumeen %70 horretatik, %78k 600 euro baino gutxiago kobratzen dute.