Lagun Onak eguna ospatuko du futbol klubak larunbatean

Uztarria.eus 2018ko mai. 23a, 10:44
Iazko Lagun Onak Eguneko irudi bat. (Nerea Uranga)

Egun osoko egitaraua prestatu du klubak, eta, besteak beste, puzgarriak, futbol partidak, jolasak, bazkaria eta Eonien elektrotxarangaren emanaldia izango dira. 11:30ean Ilunpe pilota elkartea omenduko dute, azken urteotan Herriarteko Txapelketan lortutako garaipenegatik. Bazkalostean, berriz, futbol taldeetako kideei hainbat sari emango dizkiete.

Lagun Onak futbol klubak Lagun Onak Eguna ospatuko du larunbatean. Ohi bezala, egitarau oparoa prestatu dute klubeko arduradunek, eta adin guztietako jendeak izango du zertaz gozatua egunean zehar. Goizean, puzgarriak izango dira kiroldegi ondoko zelai artifizialean, eta, era berean, 2007, 2008 eta 2009 urteetan jaiotakoek futbol eskolakoek partidak jokatuko dituzte Garmendipeko zelai naturalean. Horrez gain, hainbat jolasetan aritzeko aukera izango dute gaztetxoek, 11:30etik aurrera; besteak beste, futbola ardatz duten jokoak eta ur jolasak izango dira.

Iaz, Iraurgi Saskibaloi Taldeko ordezkariak omendu zituzten Lagun Onak Egunean, mailaz igo zirelako. Aurtengoan, berriz, Ilunpe pilota elkartea omenduko du futbol klubak, azken urteotan Herriarteko Txapelketan lortu dituen garaipenengatik. 11:30ean, Garmendipen izango dira Ilunpeko ordezkariak.

Hona hemen larunbaterako prestatu duten egitaraua:

09:30-13:30. Puzgarriak.

09:30-11:30. Futbol eskolako partidak belarretan.

10:00. Txupinazoa.

11:30. Omenaldia Ilunpe pilota elkarteari.

11:30-13:00. Jolasak.

14:30. Bazkaria Kiruri jatetxean.

17:00. 2017-2018 denboraldiko sari banaketa.

19:00. Eonien elektrotxaranga Alde Zaharrean.