Emaitza bikainak lortuta itzuli dira Azpeitiko jiu-jitsulariak Open Norte txapelketatik

Uztarria.eus 2018ko mai. 22a, 16:14

Jonathan Terron Azpeitiko bizilagunak urrezko domina eskuratu zuen Open Norteko kategoria nagusian. Aitzol Galarragarentzat jiu-jitsuko aurreneko txapelketa izan zen, baina epaileak ez zuen ontzat eman haren jokaldia. Condor klubeko kideak dira hirurak, eta taldekako sailkapenean hirugarren postua eskuratu zuten. Jiu-jitsuko taldeak dominak eskuratzen jarraitzen duen arren, bertako kideak "kezkatuta" daude, entrenatzeko lekurik gabe gelditu direlako. 

Urrezko zein zilarrezko dominak jantzita itzuli dira Azpeitiko jiu-jitsulariak Open Norte Kopa txapelketatik. Joan den asteburuan jokatu zen sariketa Arabako Langraiz Oka herrian, eta han izan ziren Condor jiu-jitsu taldeko kideak. jonathan Terronek urrezko domina eskuratu zuen Open Norteko kategoria nagusian. Esku eskura izan zuen lehen postua Azpeitiko bizilaguna den Rodrigo Santanak ere. Azkenean ezin izan zuen jokaldia irabazi eta zegokion kategoriako zilarrezko domina jantzita itzuli zen Open Norte Kopatik.

Aitzol Galarraga azpeitiarrak ere hartu zuen parte Open Norte Kopan. Harentzat asteburukoa jiu-jitsuko txapelketa bat jokatzen zuen aurreneko aldia zen, baina Galarragaren entrenatzaile Terronen hitzetan "oso ondo" moldatu zen azpeitiarra: "Epaileak ez zuen ontzat eman haren jokaldi bat, eta ezin izan zuen dominarik eskuratu. Horregatik ez balitz, ziur dominaren bat lortuko zuela".

Banakako sailkapenetan ez ezik, taldekako sailkapenean ere emaitza onak lortu dituzten Azkoiti-Azpeitiko jiu-jitsu jokalariek. Izan ere, hirugarren sailkatu ziren Condor taldeko mutilak taldekako sailkapen orokorrean.

Entrenatzeko lekurik gabe, eta kezkatuta

Azpetiko jiu-jitsu jokalariek Landeta auzoko UFK eskolan egiten zituzten entredamenduak duela aste pare bat arte. Orain, baina, entrenatzeko lekurik gabe gelditu dira, eta horrek "kezka" sortu du jiu-jitsua zaletasun dutenen artean. Jonathan Terron arduratzen zen entrenamenduak gidatzeaz, eta hark azaldu duenez, "geroz eta gehiago" dira jiu-jitsua praktikatzera animatzen diren herritarrak. "Helduak, gaztetxoak, gazteak, gizonak zein emakumeak, jende askok agertu du interesa kirol hau praktikatzeko eta txapelketetan parte hartzeko; lekurik gabe ezinezkoa da, ordea.  Astean bi aldiz entrenatzeagatik 1.800 euro eskatzen dizkigute Azpeitiko zenbait lekutan. Horregatik, guretzat onena eta politena litzateke Azpeitiko kiroldegian edo igerilekuan toki bat egitea jiu-jitsua praktikatzen jarraitu ahal izateko", adierazi du Terronek. Oraingoz, ateak jotzen jarraituko dutela esan du, horrenbeste atsegin duten kirolaz gozatzeko aukera izan dezaten.