Ezinean: "Bakarren bati agurreko kantuak entzuteak ilusioa egingo diola pentsatuta atera dugu diskoa"

Uztarria.eus 2018ko mai. 23a, 13:12

Hamabost urtez bizitzako zaratak melodi bihurtzen aritu ostean, betirako agur esatea erabaki du Ezinean taldeak. Baina lan berri batekin iritsi da Azpeitiko musika taldearen agurra. Izan ere, Betirarte Ezinean izeneko diskoa grabatu dute taldekideek, beren zaleei nahiz beren buruei agur esateko. Era berean, musika taldearen ibilbidea errepasatzen duen bideo bat kaleratu dute. Azken urratsak ematen ari den honetan, Uztarriarekin solastu da Ezinean.

2001. urtean sortu zen Ezinean, Oihan Amezuaren (bateria), Oier Ezeizaren (gitarra eta koruak) eta Iban Amenabarren (ahotsa eta baxua) burutapenetatik. Lau urtera, 2005ean, aurreneko maketa grabatu zuten Oihan Lizasoren gidaritzapean. Maketa hura ez zen argitara atera, baina eman zuen fruiturik. Izan ere, maketaren grabaketa lanak amaitu ostean, taldera batu zen Lizaso. Eta orduz geroztik abesti bat, kantu bat, doinu bat eta askoz gehiago sortu eta abestu dituzte lau azpeitiarrek.

Taldearen izen bereko Ezinean diskoa izan zen kaleratu zuten aurrenekoa, 2006an. Bi urte behar izan zituzten hurrengoa sortzeko, eta 2008an aurkeztu zuten Zuretzat. Geldialdi baten ostean, 2013. urtean itzuli zen oholtzetara Ezinean, eta 2014an hirugarren diskoa kaleratu zuen, Berriz izenburupean. Bazuen azalpenik diskoaren izenak, eta horrela azaldu zuten: "Berriz laukote bera, berriz ilusio bera, berriz indar bera, berriz Ezinean". Baina denborak aurrera egin du ordutik, eta "indarra ez da lehengo bera". Hala diote.  

Amaiera iritsi da. Zer dela eta?

2015. urtean bukatutzat eman genuen hirugarren diskoari zegokion kontzertu bira. Orduan, laugarren disko bat grabatzea pentsatu genuen, eta gogotsu hasi ginen lan berriarekin. Oihuka diskoetxearekin hitz egiteaz gain, grabaketarako estudioa erreserbatu genuen Bartzelonan. Baina denbora pasatu ahala, uste baino gehiago kostatu zitzaigun gure bizitzetan Ezineanen azken proiektuari leku bat eskaintzea, eta proiektua indarra galtzen joan zen. Modu horretan, diskoa bertan behera uztea erabaki genuen azkenean, eta horrekin batera Ezinean taldearen ibilbidea amaitzea.

Zerk piztu zuen azken diskoa kaleratzeko grina?

Ezinean beti izan da afizio bat elkarbanatzen zuen lagun talde bat, eta ohartu ginen afizioa betebehar izatera pasatzen ari zela pixkanaka. Betebehar sentipenak eragina izan zuen taldekideongan, eta konturatu ginen Ezinean ez zela Ezinean. Beraz, errealitatea onartu besterik ez genuen egin. Baina ez genekien bidea nola amaitu, eta horregatik ez genuen erabakia publiko egin. Orduan sortu zitzaigun agurreko disko labur bat grabatzeko ideia. Erabakiak hartzerako, bageneraman denbora tarte bat kontzerturik eskaini gabe. Gainera, gustuko kantu mordoxka genuen argitara atera gabe, bertan behera utzi genuen diskorako sortutakoak. Hori dela eta, lau-bost abesti aukeratu, eta disko labur bat grabatzeko ideiari eutsi genion, zaleei nahiz geure buruei agur esateko.

Zenbat denbora eman duzue sortze prozesuan?

Grabaketa lanak presiorik gabe eta lasai egin nahi izan ditugu, eta azkenean, gezurra badirudi ere, bost kantuen grabaketa ia bi urtez luzatu zaigu. Lotsa pixka bat ere eman digu horrenbeste denbora isilik egon ondoren agurreko kanta batzuekin bueltatzeak. Baina bakarren bati agurreko kantuak entzuteak ilusioa egingo diola pentsatuta atera dugu diskoa.

Nolakoa da Ezineanen azken lana?

Kantuen estiloa nahiz abestien hitzek betiko ildotik jarraitzen dute: kantu melodikoak, jostariak, indartsuak nahiz emozioz jantziak dira; laburrak eta zuzenak. Gainera, Betirarte Ezinean izena duen agurreko kantuari bideo bat egin diogu. Hamabost urte iraun duen ibilbideko irudiak elkartu, eta bi minutu inguruko istorio polit batean jaso ditugu. Nostalgia handia sentiarazten digun arren, agur esateko bideo polita da.

Azken txanpa honetan zein izan dituzue bidelagun?

Grabaketak nahiz diskoaren masterizazioa 2Noisy estudioan egin ditugu, Oihan Lizaso taldekidea eta Haritz Gerraren gidaritzapean. Oso ekoizpen intimoa izan da. Agurreko kantak zirela jakitun, geure artean eta geure erara egin dugu dena, inolako mugarik eta kanpoko eraginik gabe.

Agurreko diskoa bai, baina aurreikusten al duzue azken kontzerturik? 

Eboluzioa nolakoa izan den ikusita eta hiru urte kontzerturik eman gabe gaudela jakinda, ez dugu aurreikusten agurreko emanaldirik eskaintzea. Ezinean aktibo zegoen garaian egin izan bagenu, orduan bai, orduan polita izango zatekeen. Baina horrenbeste denbora isilik egon ondoren, aspaldi bukatu zen gauza bati bukaera artifizial bat ematea izango litzatekeela iruditzen zaigu. Horregatik, guztiz baztertzen ez dugun arren, oraingoz ez dugu azken zuzenekorik eskaintzeko asmorik.

Mezuren bat ondoan izandako entzuleei:

Agurreko elkarrizketa izan daitekeen hau ez genuke bukatu nahi bidelagun izan digutun guztiei eskerrak eman gabe. Jende asko izan dugu inguruan Oihanen [bateria-jotzailearen] etxeko trastelekuan zarata ateratzen hasi ginenetik. Orduz geroztik, 3-4 disko kaleratu eta Euskal Herrian nahiz atzerrian 150etik gora kontzertu jo ditugu, eta ez zaigu lagunik falta izan. Taldekideei, gertuko jendeari, kontzertuetako laguntzaileei, disketxeetako jendeari, kalean 'Aupa Ezinean!' esan digutenei, bakardadean Ezinean entzun dutenei, inoiz ezinean ibili zareten guztioi: eskerrik asko!