Balorazio "positiboa" eginda agurtu dute Plazatarrak egitasmoa, hurrengo ikasturtera arte

Uztarria.eus 2018ko mai. 21a, 18:55

Gaztetxoek eta haien gurasoek elkarrekin aisiaz gozatzea da Plazatarrak egitasmoaren xedea. Aurten, denetariko jarduerak egin dituzte, hala nola sukaldaritza saioa, altxorraren bila, Hi Selfie! jolasa, Komuntzo-Sakona etxalde ekologikora bisita eta bizikleta irteera. Gazteria Saileko kideak dira Plazatarraken sustatzaileak, eta "oso pozik" daude egitasmoak izan duen erantzunarekin.

Joan den ostiralean, hilak 18, egin zuten Plazatarrak egitasmoaren zazpigarren jardunaldia, aurtengo ikasturteko azkena. Haur, guraso eta begirale, 80tik gora lagun bildu ziren Urrestillara bizikletaz joan-etorria egiteko. Eguraldia lagun, arratsalde pasa ederra egin zuten, eta gustura ibili ziren parte hartzaileak zein arduradunak. Gazteria Saileko kideak dira Plazatarrak egitasmoaren sustatzaileak, eta "oso pozik" daude aurtengo ikasturtean izan duen erantzunarekin. Izan ere, antolatzaileek adierazi dutenez, Plazatarrak egitasmoan parte hartu duten lagunek "positiboki" baloratu dituzte egindako ekintzak. Horregatik "kontentu" agertu dira Ludoteketako eta Gaztelekuko arduradunak, eta ikasturte berriarekin itzuliko direla jakinarazi dute.

Plazatarrak egitasmoa Udaleko Gazteria Sailak sustatzen du, eta haren helburua da haurrek, gaztetxoek eta haien gurasoek elkarrekin aisiaz eta herriaz gozatzeko aukera izatea. Haur Hezkuntzako 5. mailatik Lehen Hezkuntzako 6. maila bitarteko haurrei eta haien gurasoei zuzendutako egitasmoa da eta, normalean, hilean ekintza bat egiten dute. Aurten, denetariko jarduerak egin dituzte, hala nola sukaldaritza saioa, altxorraren bila, Hi Selfie! jolasa, Komuntzo-Sakona etxalde ekologikora bisita eta bizikleta irteera.