Herriko pilotariak omenduz inauguratu dute Izarraitz pilotalekua

Uztarria.eus 2018ko mai. 20a, 22:29

Gipuzkoako Pilota Eguna ospatu dute gaur Azpeitian, eta, bertan, herriko hainbat pilotari omendu dituzte. 16:30ean Azoka Plazatik abiatuta, kalejiran joan dira pilotariak Izarraitz frontoira Udal Musika Bandak lagunduta, eta pilota jaialdia hasi aurretik omenalditxoa jaso dute, “egindako lana eskertzeko”. Herriko bi pilota elkarteetako kideak, emakume pilotariak eta erremontistak omendu dituzte; aurrena, agurra egin diete dantzariek, eta, segidan, udal ordezkariek loreak banatu dizkiete. Horrela inauguratu dute eraberritutako pilotalekua.

Profesionalen pilota partidak jokatu dituzte jarraian. Lehen norgehiagoka Retegi II.ak eta Martijak Victorren eta Imazen aurka jokatu dute, Victor eta Imaz nagusitu dira, 22 eta 20. Bigarren partidan, berriz, Buruz Buruko Txapelketako hirugarren postua izan da jokoan. Hain zuzen ere, Elezkano eta Ezkurdia aritu dira nor baino nor, eta lehia estua izan bada ere, azkenean, 22 eta 21, Ezkurdia nagusitu da. Juan Martinez de Irujo ere Azpeitian izan da, eta ikusleen txalo zaparrada jaso du pilotari ohiak.